Sasoi gogorretan ere herri izaerari eutsi nahian

Maider Arregi 2020ko abe. 23a, 09:00

Argazkia: Iker Aizkorbe, iaz.

Ezohiko Gabonen atarian, Udalak ekintza parte hartzaileak sustatu nahi izan ditu. Hala, herritarrek euren mezu positiboak eta sentitzen dutena elkarbanatzeko panela jarri dute plazan. San Esteban krosean parte hartzeko aukera izango dute antzuolarrek abenduaren 26an. Izena aurrez eman behar da.

Herri izaera indartzeko eta parte hartzearen garrantzia azaleratzeko, mezu positiboak elkar-banatzeko panela jarri du Udalak plazan. "Urte gogorra izan da eta elkarri mezuak eta desioak helarazteko bidea dela deritzogu", dio Mikel Bargiela zinegotziak. Eta Gabonetako egun hauek goxatzeko, aurten Olentzerok eta Mari Domingik ez dute hutsik egingo. Bihar, abenduak 24, Errekalde auzotik kamioi batean abiatuta, auzoz auzo joango dira herriko haurrei bisita egiteko asmoz; 09:30 aldera abiatuko dute ibilbidea. Udalak balkoietan egoteko eta atzetik ez joateko eskatu du.

San Esteban krosa

Gabonetako egunetan parte hartzea eta kirola sustatu gura izan du urtero Udalak. Aurten ezingo da ohiko lagun arteko espiritua duen seigarren San Esteban krosa egin, baina herritarrek izango dute kirola egiteko aukera –dekretuak debekatu egiten ditu jendetza batzea bide ematen duten kirol jarduerak–. Hala, San Esteban krosari beste buelta bat eman, eta nork bere kasa lasterka egi-teko aukera izango du. Iazko ibilbide berdintsua izango da, baina laburragoa. "Denok ekintza berean baina txandaka jardungo dugu; helburua partaide sentitzea da, herri sentitzea, alegia", diote antolatzaileek.

Abenduaren 26an, goizeko hamaiketan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte, txandaka lasterka egiteko aukera izango dute antzuolarrek. "Bakarka egitea proposatzen da, baina bizikide eta burbuila-taldeetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Txandak antolatzeko izena aurrez eman behar da, antzuolagintza@gmail.com helbidera idatzita. Parte-hartzaileek gainera aukera dute euren kilometroa Izan Bidea ekimenera bideratzea". Partaide guztien artean Antzuolako dendetan gastatzeko 30 euroko 20 bonu zozketatuko dituzte.

Kabaret ikuskizuna, urtarrilean

Urtarrilaren 2an Esnatu naiz kabaret ikuskizuna Andoni Mutiloa hernaniarraren eskutik Torresoroan, 18:00etan hasita. Sarrerak aurrez erosi behar dira.

Tripontzia loteria

Aurten ere Tripontzia bertako loteria erosteko aukera izango da Gabonetan. Zozketa 2021eko urtarrilaren 18an egingo da eta irabazien zati bat euskal kulturgintza babestu eta sustatzeko proiektu batera bideratuko da. Lehen saria 30.000 euro da –informazio guztia: www.tripontzia.eus–. Antzuolan abenduaren 24an, 26an eta 31n eta urtarrilaren 3an jarriko dute kalean salgai. Gainera, gerturatzen direnei erreferendumaren aldeko Hamaika Gara ekimenaren berri ere emango diete –sinadurak online bakarrik egin daitezke: www.hamaikagara.eus–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak