Egoerara egokitutako kirol eta kultura ekintzak

Maider Arregi 2020ko abe. 11a, 08:00

Argazkia: Iker Aizkorbe

Udalak abendu eta urtarril bitarteko kirol eta kultura ekintzak prest ditu. Pandemiaren bilakaeraren menpe daude, eta baliteke ekintzok aldaketaren bat izatea. bihar, behinik behin, Lander garrok azken lana eskainiko du Torresoroan.

2020eko Gabonak ez dira berdinak izango. Hala, pandemiaren bilakaerari estuki lotuak egongo dira abenduko eta urtarrileko ekintzak Antzuolan ere. Hala ere, orain artean antolatutako ekintzek izan duten harrera ikusita, Antzuolako Udala babes neurri guztiekin kultura zein kirol ekintzak antolatzearen aldeko azaldu da. "Herritarrak girotzea eta aisialdirako eskaintza ezberdinak ematea da gure helburua. Distantzia gorde behar da eta barruetako edukiera ere kontuan izan behar da. Hala ere, kanpoan egingo diren ekintzak ere antolatu ditugu eta herritarrei dei egin nahi diegu parte har dezaten", azaldu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Herritarren parte hartzea

Antolatutako kanpo ekintza horietako bat da, adibidez, Udalak plazan jarriko dituen mezu positiboak jasotzeko panelak. "Hilaren 21ean jarriko ditugu, eta herritarrek ekarpenak egin ditzaten nahi dugu. Jendeak parte hartzeko ekintza xumea izango da; mezuak ikuspegi pertsonaletik eta nola sentitzen diren adieraziz jaso nahiko ge-nituzke: urte berrirako desioak".

Antolatutako ekintzak

Zapatuan, Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat filma aurkeztuko du egileak berak, 18:00etan, Torresoroan. Intsumisio garaian alkate zen Jose Inazio Agirrek ere parte hartu du. Abenduaren 18rako, berriz, basogintza jasangarriaren inguruko hitzaldia antolatu dute eta Aramaioko bi hizlarik parte hartuko dute esperientziaren berri emateko. Abenduren 24an, ordea, ezin izango da Olentzerori eta Mari Domingiri egiten zaien harrerarik egin. "San Isidro egunean bertsolariekin egin genuen bezala, kamioi batean auzorik auzo joatea da asmoa".

Eta abenduaren 26rako, parte hartzea bultzatzeko, egun osoko San Esteban krosa antolatu dute. Korrikaren estilora egingo da. "Burbuila taldeak antolatu eta hasiera banan-banan emango zaio. "11:00etatik 19:00etara izango da eta nahi duenak Izan Bidean ekimenaren baitan parte hartzeko aukera izango du, egindako kilometroak eskainiz. Parte hartzaileen artean herriko dendetan gastatzeko bonuak zozketatuko ditugu".

Urtarrilaren 1ean, aldiz, ez da Lizargaratera igoera egingo aurten; urtarrilaren 2an, ordea, kabaret ikuskizuna eskainiko du Andoni Mutiloak. "Zine emanaldiren bat eta bertso saioa ere antolatzen dihardugu. Bertsolariak eta filma zehazteke daude, ordea".

Sarrerak aurrez

Ohi moduan, sarrerak aurrez erreserbatu eta erosi beharko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak