Deskargarainoko bide berdea 2021ean bukatzea eta eroritako tunela abenduan konpontzea aurreikusten dute

Jone Olabarria 2020ko aza. 27a, 11:47
Iaz jausi zen tunelaren sarrera partea, 2019ko abenduko irudian.

Joan den astean elkartu zen Antzuolako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Sailarekin, eta bertan landu ziren, Beñardo Kortabarria alkateak azaldutakoaren arabera, Bergara eta Antzuola batzen dituen bidegorrian "bereziki estua" den tartearen eta ur kolektorearen kontua, baita herria eta Deskarga batzen dituen trenbide zaharraren bide berdeko azken tartea txukuntzearen afera.

Lehenari dagokionez, alkateak zehaztu du konponbidea dela "bidegorria estutzen den tokian ibaiaren gainetik joango litzatekeen hegal moduko bat egitea", baina "ingurumenari kalteak" argudiatuta Ura Agentziak ez duela begi onez ikusten proiektua. Gaineratu duenez, "Udalari beti esan izan zaio bidegorriaren lanak aprobetxatuta batuko zirela Antzuolako ur zikinak Ber-garako sarearekin, bertatik araztegira bideratzeko". Hala ere, konponbiderik gabe jarraitzen dutela adierazi du: "Zerk egiten dio kalte gehiago ingurumenari, ibai gaineko hegalak ala ur zikinak errekara botatzeak?". Akordiorik gabe, Ura Agentziarekin bilera eskatu berri dutela zehaztu du.

Tunela konpontzea, abenduan

Deskarga eta Antzuola batzen dituen bide berdeari dagokionez, Aldundiarekin "nolabaiteko akordio batera" iritsi direla zehaztu du Kortabarriak: "Bi kilometro pasatxoko tartea den arren, bidea nahiko egoera onean dago, eta, hortaz, ez dute aurreikusten ez lan eta ez diru aldetik askorik izango denik". Era berean, iazko abenduan bide berde horretan eroritako tunelaren zatia "urtea bukatu aurretik" konponduko duten agindua eman die Aldundiak: "Tunelaren lanak esleituta daude dagoeneko, eta, data finkorik ez dagoen arren, abenduan egingo dutela hitzeman zigun Mugikortasun Sailak".

Bestalde, trenbideko kaxeta zaharra zenaren parean autoak lagatzeko gune bat txukuntzea aztertzen ari da Udala. "Oraindik ikusteko dagoen arren, asmoa herritarrek bertan autoa utzi eta bide berdetik paseatu ahal izatea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak