Torresoroako mailegua amortizatuko du udalak

Maider Arregi 2020ko aza. 25a, 10:22

Abenduan kitatuko ditu zorrak Antzuolako udalak. Izan ere, udalak miloi bat eta 200.000 euroko soberakina dauka gaur-gaurkoz, eta horietatik 600.000 euro inguru mailegua amortizatzeko bideratzea onartu berri dute  EH Bildu eta EAJ alderdiek.

Antzuolako udalak zorra amortizatuko du abenduan. EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin onartu da zorra amortizatzea. Alderdi sozialista abstenitu egin da atzoko azaroko ohiko osoko bilkuran.

Zor hori, zehazki, bere garaian Torresoroa eraikinaren inbertsioa egin ahal izateko eskatutako maileguari dagokio. "Gaur egun Kutxabankekin dugun zor bizia 616.667,42 eurokoa da, eta abenduaren amaieran zor guztia kitatuz interesak 825,48 eurokoak izango dira; aldez aurretik mailegua ezereztatzearen komisioa, ordea, 3.083,34 eurokoa da. Urte hasieran 800.000 euro pasatxoko zorra geneukan eta esan bezala urte amaitzerako 600.000 euro pasatxokoa den mailegua amortizatuko dugu", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak.

600.000 euro pasatxoak, udalak egun duen soberakinetik –udal diru-poltsan dagoena– ateratzea onartu dute ere EH Bilduk eta jeltzaleek. Izan ere, milioi bat eta berrehun mila euro pasatxoko soberakina dauka udalak, eta horietatik erdia mailegua amortizatzeko erabiliko da. Hala, beste 600.000 euro inguru geratuko lirateke udalaren diru-poltsan oraindik. Ondorengo egunetan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da erabakia eta ondoren, abenduan, gauzatuko da zorraren amortizazioa.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa

Udal gobernuaren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin onartu da udal Finantzaketarako Foru Funtsari eta zorpetzeari buruzkoa mozioa. "Aldundiari eskatzen diogu azaroan egin beharreko Foru Funtsaren ordainketa Finantza Kontseiluan urriaren 15ean informatutako aurreikuspenekin bat etorriz egitea; baita udalek, 2020rako Foru Funtsaren hasierako aurreikuspenetan dagokien guztizko zenbatekora arte eskatzeko aukera izatea ere. Udalek 2022an eta 2023an konpentsatuko dizkiote zenbateko horiek  Aldundiari eta Itunaren Batzorde Mistoaren esparruan itundutako zenbatekoaren %40 gutxienez zorpetzeko ahalmena izatea", jasotzen du EH Bilduren mozioak.

EAJk aurkako botoa eman du argudiatuta, udalen diru-banaketa urriaren 15eko batzarrean argi geratu zela. "Harrituta geratu gara udal zorra amortizatzearen alde egingo dugulako osoko bilkuran, eta orain berriro zorpetzeko aukera ematen duen mozioaren proposamena ikustean. Urriaren 15eko Finantza Kontseiluaren batzarrean argi jasoa geratu zen udaletxeei ze diru banatu, eta erabaki zen, besteak beste, kreditu premian dagoenari %40a bideratzea. Diputazioak eta Aldundiko buruek egin zuten batzarra", argudiatu du EAJko Basilio Ormazabal bozeramaileak.

Beñardo Kortabarriak azpimarratu du mozioak udal denei eragiten diela ez soilik Antzuolako udalari: "Foru Funtsaren %20ko deskontua egin zitzaigun eta gerora %15era pasa zenez, %5a berreskuratu dugu. Antzuolako udalak beharrik ez duen arren orain, Aldundia denok osatzen dugun eta beste udalen egoera oso bestelakoa da. Mozio hau udal ororendako da".

Sahararrei babesa

Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean aurkeztutako adierazpen instituzionala ez da onartua izan Alderdi sozialistak aurkako botoa eman du eta mozioa propioa aurkeztu du. "Bi puntu ezin ditugu onartu. Batetik kanpo politika gaia dela deritzogu. Sahararren eskubideak bermatzearen erantzukizuna bi aldeena da. Bestetik, Espainiako Gobernuak 1991z geroztik ez du mendebaldeko Sahararekiko ahalmen administratiboa; beraz, ezer gutxi egin dezake".

"Marokok erantzukizun zuzena du; nazioarteko politikak bere joko-zelaia du, baina kasu honetan eraso baten aurrean aurkitzen gara", azpimarratu du alkateak.

Azaroaren 25a

Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren baitan, adierazpen instituzionala onartu dute. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea zein indarkeria-egoeretan dauden emakumeen forma eta profil berriak hautemateko behaketak hobetzea aldarrikatu dute, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak