Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kide da Mox tabernako ugazaba Sergio Sanchez. 20 urte daramatza ostalaritzan lanean, eta orain, aurrera egin ahal izateko bide berriak aztertzen dabilela adierazi dio GOIENAri Sanchezek.
Zapatuko manifestazioan herritarrek babesa erakutsi zizueten.
Bai; antzuolar ugarik bat egiten du gure aldarrikapenekin. Lagunak eta familiakoak ere bertan izan ziren. Baina orain, inoiz baino gehiago, aurrera egin dezagun beharrezkoa dugu gure bezeroen babesa edukitzea.
Negozioa aurrera eramateko bestelako bideak aztertzen diharduzu?
Konfinamendu sasoian, elikagaiak etxera eramateko zerbitzua jarri nuen abian. Oso gogorra izan zen, neuk hartu bainuen nire gain etxeetara, banan-banan, banaketa egitearen ardura. Egia da berriro etxera eramateko zerbitzua aztertzen ibili naizela, baina Mutuak ohartarazi nau esanez 450 euroko laguntza galduko dudala eramateko janari zerbitzua jarriz gero. Inpotentzia eta ziurgabetasun handia daukagu. Ez dakigu zenbat denborarako izango dugun negozioa itxita, eta erabakiren bat hartzea oso zaila da.
Laguntzak bideratuko dituzte.
Bai, eta berri ona da; dirulaguntza emango dutela esan duten arren, ezegonkortasun handiaz bizi dugu egoera, eta ez dakigu noiz arte egongo diren tabernak itxita. Niri dagokidan laguntza hiru mila euro lirateke, eta horrekin 2-3 hilabetez egin dezaket aurrera; eta gainontzeko hilabeteetan zer? Inork ez daki zein egoeratan egongo garen, eta zalantza asko ditugu argitzeke.
Udalarekin harremanetan zaudete.
Hasieratik. Orain, ordea, dena geldi dago. Nire asmoa zen haima estiloko aterpea jartzea terrazan neguari aurre egiteko. Baina ez dakit taberna noiz zabalduko dudan eta ezin dut inbertsiorik egin, gero dena bertan behera gera dadin.
Herritarrak ostalariekin bat eginda
Zapatuan, hilaren 7an, egindako manifestazioan herritar ugarik parte hartu zuen Beheko auzotik abiatu zen manifestazioan. Antzuolako ostalaritza eraila zioen pankartak. Bezeroen beharra eta babesa orain, inoiz baino gehiago, dela beharrezkoa azpimarratu dute herriko ostalariek. "Aurrera begira ekimen gehiago egin edo ez aztertzen gabiltza".