Erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz, antzuolarrek ere bat egin dute 'Altxa!' ekimenarekin

Jone Olabarria 2020ko urr. 31a, 19:53

Eskolako patioan jarraitu dute antzuolarrek Hamaika gara ekimenaren sustatzaileek eta Gure Eskuk antolatutako proiekzioa. Segurtasun neurri guztiak beteta egin dute eta 40 herritar inguru gerturatu dira ekimenarekin bat egin eta erabakitzeko eskubidearen aldeko erreferenduma aldarrikatzera.

Gure Eskuk eta Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaile diren beste 23 eragileek erreferendumaren aldeko lehen ekitaldia egin dute gaur arratsaldean. Altxa! izenpean, bi zatitan banatu dute ekintza: ekitaldi politikoa eta ikuskizuna. Durangoko Plateruena Kafe Antzokitik zuzenean, 18:00etan hasi da emanaldia eta bi modutan jarraitzeko aukera izan dute herritarrek; Hamaika Gara webgunearen bidez eta baita herri ezberdinetan antolatu dituzten proiekzioen bitartez.

Antzuolan harrera "positiboa"

Hain zuzen ere, hori izan da Antzuolaren kasua. 17:45ean batu dira eskolako patioan, eta segurtasun protokolo guztiak jarraituz hartu dute lekua herritarrek. Antolakuntzatik balorazio "positiboa" egin dute: "Egun bizi dugun egoeran eta proiekzio bat izan dela kontuan izanda oso harrera ona izan duela iruditzen zaigu. 40-42 lagun batu gara patioan". Behin proiekzioa hasita, 40 minutu inguruko ikuskizun batekin hasi dute saioa. Bertan ikusi ahal izan dira, Iraia Elias, Erika Olaizola eta Laura Penagos aktoreak, Amets Arzallus bertsolaria, eta Eñaut Elorrieta eta Ruben Caballero musikariak. Dupla musika taldeak ere orain gutxi estereinatu berri duen Hamaika Gara abestia eskaini du.

"Herritarren nahia ikustaratzeko"

Ostean iritsi da ekitaldi politikoaren txanda. Herritar eta eragile ezberdinen ahotsetan "ekimenaren aniztasuna" ordezkatu nahi izan dute, eta erreferendumaren beharra azpimarratu du Gure Eskuko ordezkari den Josu Etxaburuk: "Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat abiatu dugu, herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazteko, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzeko". Era berean, momentua "orain" dela aldarrikatu dute: "Ez dugu inoiz erabakitzeko eskubidea modu eraginkor batean legeztatzeko aukera orain baino gertuago izan, eta ez gaude hori baino gutxiago onartzeko prest". Gure Eskuko Amalur Alvarezek, era berean, Europatik "olatu demokratiko berri bat" datorrela adierazi du, eta lanean hasteko deia egin die herritarrei: "Erabakitzeko bidean dauden herrien mapan kokatu behar dugu Euskal Herria. Ez dugu beste herrien erabakitzeko prozesuen ikusle izan nahi".

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak