Kutsatzeen gorakada nabarmenak kezka sortu du herrian. Hala ere, Osakidetzak ez du Antzuolan fokurik edo kutsatze komunitariorik dagoenik ohartarazi. "Datuek atentzioa eta kezka sortzen dute, baina, Osakidetzatik ez dugu inolako abisurik jaso eta ez da aparteko neurririk hartuko. Lasaitasun mezua helarazi gura dugu, eta herritarrei ohartarazi zentzuz jokatzeko. Hala, distantziak mantentzeko, eskuak garbitzeko eta maskara janzteko eskatu gura diet". Herriko bi komertziok ere ateak itxi behar izan dituzte COVID-19 kasuak tarteko eta berrogeialdia egiten dihardute.
Herri Eskolari dagokionez, 240 ikasletik 26 daude konfinatuta. "Egunerokoari eustea zaila da klase berean 10 ikasle ere konfinatuta baititugu. Etxean daudenekin lanean gabiltza eta familiekin harreman estua dugu", azaldu du Iratxe Vazquez zuzendariak.
Bestalde, Ibon Gezalaga AKEko presidenteak jakinarazi dio GOIENAri 4 kutsatu atzeman direla oraingoz kadeteen futbol taldean. "23 jokalaritik lauk eman dute positibo. Beste zazpi jokalari PCR probaren zain daude. Denboraldia hastear den honetan dena kolokan dago".
Bailaran 81 positibo asteburuan
Aramaio eta Leintz Gatzaga izan dira salbuespenak; gainerako herri guztietan atzeman dira positiboak asteburuan, eta Antzuola da aipagarriena, izan ere pandemia hasi zenetik 45 kasu erregistratu dira bertan, eta hemezortzi lau egun hauetan izan dira.