"Lesbosen bi mundu guztiz paralelo daude"

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 8a, 19:20

Andoni Iparragirre, goian, ezkerretik hasita bigarrena, iaz, Lesbosen.

Boluntario joan zen Lesbosera Andoni Iparragirre iaz, eta han bizi izandako esperientzia kontatu dio GOIENAri. Urtebetean egoera "dezente" aldatu dela nabarmendu duen arren, gogorarazi du "egoera kaskarrean" bizi direla Morian.

Azken asteetan, informazioaren jomugan egon da Moriako errefuxiatuen kanpalekua. Duela hilabete izandako suteak alarma guztiak piztu ditu, baina han egondakoek jakinarazi dute egoera aspalditik dela larria. Joan den urteko udan izan zen Lesbosen Andoni Iparragirre antzuolarra. Boluntario joan zen, Zaporeak elkarteari esker. Errefuxiatuei janaria prestatzen eta banatzen aritu zen hiru astez. Irla hartako egoera ezagutzeko eta laguntzeko aukera izan zuen Iparragirrek.

Lesbosen "bi mundu guztiz paralelo" daudela azaldu du: "Alde batetik, Mediterraneoko Europa dago, eta hor taberna batean lasai asko egoteko aukera daukazu; bestalde, pobrezia absolutuan bizi direnak daude, esperantza guztia galduta preso dauden pertsonak". Gauzak horrela, bi muturrak ikusi daitezkeela adierazi du. "Oso gogorra" iruditu zitzaion Lesbosen ezagututakoa, "kolpea" bezala ere definitu du, eta onartu du hasieran kosta egin zitzaiola errealitate horri aurre egitea. "Jatorria dela eta, eskubiderik gabe bizi den jende asko dago", azpimarratu du Iparragirrek.

Egoera kaskarrean

Iparragirre Morian izan zenean 12.000 lagun zeuden 2.000-3.000 pertsona inguru sartzen ziren kanpaleku batean. Antzuolarrak azaldu duenez, orduz geroztik jendea etengabe joan da hara, eta egoera zaildu egin da. "Baldintza oso kaskarretan bizi dira, apenas dute urik eta zerbitzurik beharrak asetzeko", adierazi du. Horrez gain, Iparragirrek gogorarazi du kontuan izan behar dela arraza, kultura eta ohitura askotariko jendea batzen dela kanpamentuetan: "Sarri, pentsatzen dugu errefuxiatu guztiak berdinak direla, baina hainbat jatorri eta erlijiotako jendea izaten da horrelakoetan". Desberdintasun horiek tentsio uneak sorrarazi dituztela azaldu du Iparragirrek. "Europako Batasunetik ere ez da laguntzarik iristen eta sekulako mafiak daude bai itsasoa zeharkatzeko, baita janaria banatzeko orduan ere", gaineratu du.

Laguntza Euskal Herritik

Anelkar elkarteak duela bi aste Antzuolan egindako janari bilketaren antolaketa lanetan aritu zen Iparragirre, eta nabarmendu du herriak "ederki" erantzun zuela. Aurrerantzean, Euskal Herritik eskainiko du laguntza, eta herritarrei mobilizatzeko eta gobernuak presionatzeko dei egin die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak