Kutxabank-i zerbitzu murrizketa eteteko eskaera egingo dio Antzuolako Udalak

Maider Arregi 2020ko ira. 30a, 08:57

Atzo, martitzena egin zuten opor osteko lehen osoko bilkura. Bertan, Kutxabank bulegoaren zerbitzu murrizketa izan zuten hizpide eta aurkeztutako mozioa EH Bilduk, EAJk eta alderdi sozialistak aho batez onartu zuten. Bestetik, Moriako errefuxiatuek bizi duten egoeraren baitan, adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuten.

Udalaren babesa herritarrei


Martitzeneko ohiko osoko bilkuran, udalbatzarra osatzen duten hiru alderdiek aho batez onartu zuten Kutxabanken erabakiaren aurrean aurkeztutako mozioa. Hala, Antzuolako udalak herritarren desadostasuna adieraztea eta banketxeari zerbitzuaren murrizketak etetea, eta zeudenean uzteko eskaera egitea onartu zuten. Horregatik, udalak herrian egiten diren ekintzetan modu ofizialean parte hartuko du, eta, era berean, ekintza proposamenak egiteko ardura ere hartuko duela adierazi zuen osoko bilkuran.  "Gaia mozioa formatu horretan ekarri dugu. Izan ere, arazoaren aurrean aho batez onartzea nahi genuen. Baina aktan jasoa geratzeko eskatu dugu garbi daukaguka erabaki horren oinarrian duela urte batzuk alderdi politiko jakin batzuk kutxak pribatizatzea erabaki izana dagoela", azpimarratu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Adierazpen instituzionala

Moriako errefuxiatuek bizi duten egoeraren baitan, adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuten osoko bilkuran. Honako lau puntu hauek onartu dituzte:

"1. Antzuolako Udalak "harrera hiritzat" du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.

2. Antzuolako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.

3. Antzuolako Udalak, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die.

4. Antzuolako Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak