Eskolaz kanpoko ekintzak ere, martxa berreskuratzen Antzuolan

Jone Olabarria 2020ko ira. 11a, 15:46

Zumarragako eta Bergarako musika eskolek asteon hasi dituzte ikasturte berriko aurrez aurreko eskolak antzuolan. oinarin dantza taldeak oraingoz ez hastea erabaki du. kirol arloan, eskola kirolari buruzko aldundiaren erabakiaren zain daude taldeak

Asteon eskolara itzuli ostean, ezohiko normalitateranzko beste pauso bat egin dute herriko umeek. Eskolaz kanpoko ekintzak berreskuratzeko asmotan, Antzuolako zenbait eskola eta elkarte hasi dira lanean eta beste hainbat erabakien esperoan daude ikasturteari ekiteko.

Kirol arloko eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, federatu gabeko edota lizentziarik ez duten haurrek ezin dituzte, oraingoz, entrenamendu saioak berreskuratu. Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez, dena ondo bidean, urriaren 1erako aurreikusten dute entrenamenduetara buelta, baina urtarrilera arte ez dira hasiko lehiaketak.

Kirola, erabakien zain

Egoera horretan, ikasturte berria ezin hasita daude Antzuolan eskaintzen diren zenbait kirol ekintza. Gimnasia erritmikoaren kasuan, 10 urtera arte aritzen dira neska-mutikoak Antzuolan, eta gero, Bergaran hasten dira entrenatzen; hortaz, denak eskola kirolaren baitan sartzen dira. Ariznoa elkartetik azaldu dutenez, asmoa urrirako hastea den arren, oraindik dena antolatzeko bilerak egiten dabiltza, baita Aldundiaren menpe.

Antzuola kirol elkarteko futbol sailaren kasuan, egoera berean daude eskola kirolean dabiltzan umeak, nahiz eta kadete maila-ik gorakoek entrenamendu saioetara bueltatzeko baimena duten. Hala ere, txapelketen itzulera ez dakitenez noiz izango den, oraindik ez dira prestaketa saioetara itzuli maila horretan.

Olaran pilota elkarteko umeak errendimenduzko alebin eta infantil mailetatik aurrera hasiko dira entrenamendu saioetan, hilaren 15etik aurrera. Gurasoekin bilerak egiten dabiltzan arren, taldeak murriztu eta zortzi umeko taldeetan egingo dituzte entrenamendu saioak. Eskola kirolaren baitan dauden pilotari txikiak ezingo dira oraingoz frontoira itzuli, baina seguruak diren zenbait ekintza egitea aurreikusten dute hauekin.

Musika arloa, martxan

Antzuolaren kasuan, bi musika eskolaren artean banatzen dute herriko haurren hezkuntza musikala. Bergarako Musika Es-kolak piano, gitarra, saxofoi, klarinete eta tronboi eskolak ematen ditu, baita hizkuntza musikala eta ahots teknika. Martitzenean hasi zituzten eskolak, Olaranen, eta, bertako zuzendari Marije Ugaldek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dieten protokoloa jarraituko dute. Ikasle guztiak 7 urtetik gorakoak direnez, maskara jarrita hartuko dituzte eskolak, soilik instrumentua jotzeko unean kenduz, beharrezkoa den kasuetan.

Trikiti eta pandero ikasketei dagokienez, Zumarragako Secundino Esnaola Musika Ikastetxearen ardura da horien eskolak ematea Antzuolan. Astelehenean itzuli ziren berriz ere aurrez aurre ikasleak Olarango hirugarren solairura. 8 urtetik gorako umeak dira bertan aritzen direnak, eta, hortaz, maskara jantzita eraman beharko dute une oro. Eskolak banakakoak dira eta haurrek eraikin kanpoan itxaron beharko dute sartzeko. Irakasleak lagunduko ditu sarrera-irteeran eta gurasoak ezin izango dira sartu.

Dantza, oraingoz, geratuta

Oinarin dantza taldeko kide eta irakasleek, berriz, eskolekin ez hastea erabaki dute oraingoz. Izan ere, hezkuntza zentroetan eskolak hasi berritan, egoera aztertu nahi dute eta erabakia berrikusteko asmoa dutela azaldu dute: "Hilero elkartzekoak gara, egoeraren arabera aztertu eta ikasleak noiz eta zer baldintzatan hasiko diren aztertzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak