Antigua ermitaren ondotik irtengo gara gaurko ibilaldia egiteko. Irimo Goena auzoko errepidea hartuko dugu; aurrera egingo dugu, Ibarre baserria ezkerraldean utzita. Aurrera jarraituta, Aitzaga baserria pasa ondoren, garai bateko trenbide zaharrera iritsiko gara: Los Vascongados trenbidea. Leku horretan, errepidea utzi, eta garai bateko trenbidean sartuko gara. Eskuinaldean, Otamendi, Irimo eta Eguzkitza baserriak ikusiko ditugu.
Basalde errekan behera
Aurrera eginda, Iñurrigarro Garai baserrira iritsiko gara. Leku horretan, trenbidea atzean utziko dugu eta beherako bidea hartuko dugu. Basalde erreka jarraituko dugu eta Basalde errotaraino iritsiko gara. Egun, egoera kaxkarrean dago aipatutako errota. Hala ere, gaur proposatutako ibilaldian balio ekologiko, arkitektoniko eta etnografiko handiko lekuak ikus daitezke: Amilleta baserria da horietako bat. Egungo arkudun ateburua XVIII. mendekoa bada ere, barruan XV-XVI. mendeko arkua dauka. Basalde-Amilleta indarretxea ikus daiteke trenbideko zubia pasa ostean. Egun, indarrean dago oraindik ere indarretxea.
Errepidean aurrera egingo dugu: ezkerraldean, Aitzaga Basalde baserriaren aurrealdean, San Blas ermita ikus dezakegu. San Blas ermita Olotz izeneko lur eremuan dago eraikita, eztarriko gaitzak sendatzen dituen zaindari honen ermita. Otsailaren 3an ospatzen da jaia; eta ermitara herriko okindegietan egindako opil bereziak eramaten dira bedeinkatzera.
Aritzagabasaldeko hariztia
Aritzagabasalde baserri inguruan izen bereko hariztia dago. Antzuolan dagoen harizti handiena da, eta esan daiteke bakarrenetakoa dela. Harizti benetan ederra da. Aurrerago, Behean, San Blas ermita eta ondoan Irain erreka eta bidea. Ezkerrean, PR-GI 101 ibilbidearen mapa ikus daiteke. Zumarragara doan bidea zeharkatuko dugu, eta autobus geltokia dagoen bidetik gorantz jarraituko dugu, zementuzko bide batetik. Aurrerago, Zorroztarrieta eta Altzeta baserriak ikusiko ditugu: Altzetan zementuzko pista atzean utziko dugu eta lurrezko pista batetik Loietara iritsiko gara.
Loietan lurrezko pista utziko dugu eta Irain erreka jarraituko dugu: Iriarte Gainekoa baserrira iritsiko gara. Azkenik, errepidearen alboan, Kalbarioko gurutzeak ikusiko ditugu. Puntu honetan amaituko dugu gaurko ibilaldia. Zazpi kilometroko ibilbidea da gaur proposatutakoa, edonork egiteko modukoa. Ume txikiekin ere egin daiteke, ibiltzera ohitura dauden umeekin.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 7 km.
• Iraupena: 2 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularrra.
• Seinaleztatuta: Bai.
• Bide mota: Mendi pistak eta errepidea.