Kalbarioko gurutzeak, herriko gurutze nagusiak

Jone Olabarria 2020ko uzt. 28a, 11:48

Euskal Herri osoan oso errotuta daude gurutzeak. Oso ohikoa da kale eta auzoetan askotariko gurutzeak ikustea. Esanahiak ere askotarikoak dira. Batzuk Kalbarioa egiteko gurutzeak dira. Kristau sinismenean oso errotuta dagoen ohitura. Alegia, Jesusen Kalbarioaren gurutze-bidea adierazten dutenak.

Antzuolan daudenak ere Kalbarioa egiteko gurutzeak dira. Gurutze-bideak hamabi geldialdi zituen. Antzuolan lau daude zutik: ariztitarren etxean, horman sartuta dagoena; Antigua auzoaren hasierako biak; eta Antigua ermita parekoa. "Etxeak bota ahala desagertu dira gehienak. Ondare zati bat galdu dugu", dio Iñigo Ramirez de Okarizek Irinmodo blogean.

Antiguakoa, baliotsuena

Zutik geratzen direnen artean ederrena, landuena, balio handiena duena, gurutze-bideari amaiera ematen diona da. Alegia, Antiguaren parean dagoena. Goiko aldean latinezko INRI inskripzioa dauka. Ostean, arantzadun koroa, giltza, mailua, eskailera, tunika, lantza, kanabera, esponja, soka, koloma, zigorra eta oilarra.

Gurutzeak dituen ikur guztiak Jesusek jasandako torturaren objektuak dira. Gurutze nagusiaren alboetan beste bi daude. Jesusekin batera hil ziren lapurrei dagokie.

Etnografikoki duten balioa antzinako kondairetan oinarritzen da, eta erlazio zuzena dauka gurutze nagusiaren oinarrian dagoen oilarrarekin. "Kondairak dio oinez ibiltzeko zailtasuna zuten umeak Kalbariora eroaten zituztela.

Gurasoek eta ermita zaintzen zuten emakumeek lagunduta, hiru itzuli ematen zizkioten erdiko gurutzeari, umeak oinez ikas zezan. Itzuli bakoitzeko Gure Aita bat otoitz egiten zuten".Erritoa bukatzeko, oinarrian dagoen oilarrari musu eman eta ermitara joaten ziren, otoitz egitera, kandela piztera eta limosna ematera.

Herritar batek egindakoa

Oñatiko San Juan Artian barrena garraiatu zuten. Urte bereko irailaren 27rako bukatu zituen harginak, eta, ostean, zutik ipini zituen Bentura Iturralde errementariak: hamaika, herriko leku ezberdinetan, eta azken hirurak Antigua ermitaren ate aurrean. "1960ko hamarkadan, herriko saihesbidea egiteko jatorrizko lekutik kendu zituzten, eta bide bazterrean botata egon ziren urte asko. Ostean, Bergarako hargintza batean egon ziren", dio Ramirez de Okarizek. Mende laurden baten ostean, berreskuratu, eta egungo lekuan ipini zituzten.

Antzuolan dauden Kalbarioko gurutzeak XVIII. mendekoak dira. Udalak 1742ko otsailaren 3an hartu zuen horiek egiteko erabakia. Orduko alkate Gabriel Iraeta zinegotziekin elkartu zen, eta aho batez adostu zuten Juan Bautista Aristi antzuolarrak egingo zituela gurutzeak. Baldintza bakarra ipini zuten: Ormaiztegin egin berri zituenen antzekoak izan behar zutela. Guztira, hamalau gurutze, 1.249 errealen truke. Gurutzeak egiteko lehengaia Aguraindik (Araba) ekarri zuten.

"Gurasoek eta ermita zaintzen zuten emakumeek lagunduta, hiru itzuli ematen zizkioten erdiko gurutzeari, umeak oinez ikas zezan. Itzuli bakoitzeko Gure Aita bat otoitz egiten zuten."

Konjuruetarako

Kalbarioko gurutzeez gain, konjuruak egiteko gurutzeak ere ipintzen zituzten. Bereziki, baserri-auzoetan. "Soroak izurrietatik babestu nahian ipintzen ziren". Bide-gurutzeetan ere ipintzen zituzten. Horien adibide da Galartza auzoan haitz baten gainean dagoena. Burdingurutz izenez ezaguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak