Kanoien sutzeak alardea gogoan izango du bihar

Maider Arregi 2020ko uzt. 17a, 09:00

Herriko jai nagusietan murgilduta beharko lukete egunotan antzuolarrek. baina, CoViD-19ak dena hankaz gora jarri duen honetan, aurten ez da ospakizunik izango. Hala ere, aho zaporea goxatze aldera, uda sasoiko kultura agenda prestatu dute

Antzuolako Jai eta Kultura Batzordeak eta Udalak elkarlanean uda sasoirako egitaraua kaleratu dute. Joan den astean Erradikalak ginen ikuskizun musikatuak kultura egitarauari hasiera eman bazion ere, asteburu honetarako ekintza gehiago prestatu dituzte. Antzuolarrek jaietan murgilduta egon behar luketen honetan, bihar, kanoiak sutuko dituzte, ohiko alardea gogoan izan dezan herriak.

'Uda kulturaldia', prest

Bihar, 10:00etan, txistularien goiz-eresia izango da eta kanoiak sutuko dituzte Herriko Plazan. 11:00etan, Bergarako bandaren kalejira izango da. Arratsaldeko zazpietan berriro sutuko dituzte kanoiak eta patioan kontzertuei ekingo zaie. Liv Wallace bakarlari antzuolarrak emango die hasiera. Ondoren, Ruper Ordorika eta Mugalaris taldearen txanda izango da –sarrera 10, euro; ikasleendako, 5–.

Domekarako, Arrolak mugarriz mugarri mendi irteera antolatu du, 09:00etarako. 12:30ean, aldiz, Pronoia ikuskizuna izango da Virginia Imazekin patioan. Erretiratuendako salda eta pintxoak izango dira patioan. 17:00etan, berriz, gaztetxoendako mimo ikuskizuna.

Uztailaren 25erako, Lau eme dantza emanaldia antolatu dute eta abuztuko egubakoitz gauetan zine emanaldiak izango dira.

Zentzuz jokatzeko deia

Antolatutako ekintza eta emanaldietan maskara janztea derrigorra dela ohartarazi du Udalak. Esan gabe doa eskuak sarri garbitzea eta distantziak mantentzea ezinbestekoak izango direla. Ekintzetan osasun neurriak berma daitezen, boluntario sarea eratu dute. Zentzuz eta arduraz jokatzeko eskaera egin die antzuolarrei Udalak; izan ere, COVID-19a ez dela desagertu ohartarazi du: "Elkar zaindu gaitezen, erabili maskarak kalean. Distantziak mantentzea eta eskuak maiz eta ondo garbitzea ere ezinbestekoak dira. Horrez gain, hondakinak ondo sailkatzea eta garbi jokatzea norbera, ingurukoak eta herria babesteko neurriak ere badira. Ekintzetan parte hartzeko, izena aurrez eman beharko da eta boluntarioen laguntzarekin kudeatuko dira ekintzak, gune seguruak eratuz".

Hala, ekintzetara joan ahal izateko, herritarrek sarrerak lortzeko 673 90 53 28 telefonora deitu edo mezua bidali beharko dute aurrez. Liburutegira ere jo daiteke (09:00-13:00). Beste aukera bat da sarrerak labur.eus/sarrerakantzuola helbidean eskuratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak