Bertsioak eta kantu mitikoak entzungai

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 15a, 08:00

Liv Wallace bakarlari antzuolarra gitarra alboan duela.

Uztailaren 18an, zapatuan, Liv Wallace antzuolarraren punk-rock bertsio emanaldia izango da, 19:00etan, eskolako patioan. Ostean, berriz, euskal kantugintzan erreferente den Ruper Ordorika musikari oñatiarrak eskainiko du emanaldia.

Musikarekin gozatzeko aukera paregabea izango da uztailaren 18an, zapatuan, Antzuolako jaien bueltan antolatu dituzten emanaldiekin. Batetik, Liv Wallace musikari antzuolarra izango da, 19:00etan, eskolako patioan, eta haren ostean, berriz, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da.

Liv Wallace bakarlaria Gasteizen bizi arren antzuolarra da, eta punk-rock estiloko cover-ak eskainiko ditu. Antzuolan joko duen bigarren kontzertua izango da, eta bertsio landuak eskainiko dituela adierazi du. Hala ere, oraindik abesti zerrenda osatu barik duela gaineratu du: "Emanaldian izaten den pertsonen arabera kantu zerrenda bat edo beste osatzen dut. Kasu honetan, ordu erdi inguruko kontzertua izango denez, filtroa pasatu gabe daukat, baina Brigade Loco taldearen kantu bat seguru joko dudala. Horrekin batera, Social Distortion eta Bad Religion taldeen kanturen bat edo beste ere joko dut. Punk-rock estiloko kantuak eskainiko ditut, horiek egiten ditut eta; gehienak ingelesez abestuko ditut. Bertsioez gain, Chapter One nire kantu bakarra ere eskainiko dut", adierazi du Liv Wallacek.

Erreferente baten aurretik

Antzuolan 2014an eskaini zuen kontzertua, taberna batean, eta sei urteren ostean, berriz, herrian jotzeko gogoz dago lagunen eta familiakoen aurrean. Gainera, Ruper Ordorikaren telonero arituko da, eta gogoz dago emanaldi egunerako: "Antzuolan kontzertua eskaini nuenean oso urduri nengoen. Harrezkero, konfiantza hartu dut jende aurrean jotzeko, kantu zerrenda handitu dut… eta esperientzia gehiagorekin kontzertua disfrutatuko dudalakoan nago. Horrekin batera, Ruperren aurretik arituko naiz; estilo aldetik ez daukagu zerikusirik, baina, bakarlari moduan, Euskal Herri mailan nazionalki erreferente handia da, eta aukera oso polita da niretzako. Udalak beste edozein musikari aukeratu zezakeen, eta ni hain ezaguna izan gabe aukeratua izatea oso polita da, pribilegio hutsa da Ruperren aurretik jotzea".

Ruper & Mugalaris, 20:00etan Bakarlari antzuolarraren ostean, berriz, Ruper Ordorika musikari oñatiarrak eskainiko du kontzertua eskolako patioan, 20:00etan. Aurkezpenik behar ez duen musikariak betiko kantu ezagunen abesti sorta eskainiko die bertaratzen direnei, Mugalaris taldearekin batera: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina), Fernando Neira, Lutxo (baxua, kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria). Beti bezala, zuzenekoetan eskaintzen duen indar eta fintasunez osatutako emanaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak