Bergarako udal musika banda urteetan izan da protagonista Antzuolako jaietan, urtero kontzertua eskaintzen duelako. Aurten, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, ez dira ohiko jaiak ospatuko, baina Udalak hainbat ekintza antolatu ditu asteburura begira, eta etzi, hilaren 18an, Enrike Txurrukak zuzendutako bandak Antzuolako kaleak hartuko ditu, 11:30ean hasita, kalejira egiteko asmoz.
Kontzertua beharrean, kalejira
Txurrukak adierazi duenez, bandaren kezka nagusia azken hilabeteetan entseatzea izan da, entsegu gabe oso zaila delako emanaldi edota kalejira bat eskaintzea. Koronabirusak eragindako egoera normalizatzen joan den heinean, entseatzeko baldintza onak lortuta eta gela baldintza berrietara egokituta, bestek beste, Bergarako musika banda ere lanean hasi da emanaldiak prestatzeko. Horren harira, bandako zuzendariak aipatu du Antzuolako Udala beraiekin harremanetan jarri zela aurtengo jaiei begira zituzten asmoen berri emateko: "Ohiko jaiak egingo ez zirela adieraztearekin batera, urteetako ohitura bat galtzea pena litzakeela adierazi ziguten. Horregatik, urteroko emanaldia egin beharrean, kalejira egitea proposatu ziguten. Guk gustura onartu dugu gonbidapena, baina orain dela aste batzuk Bergaran egin genuen kalejira egitea eskatu genien". Kalejira Errekalden hasiko da, eta Txurrukak adierazi du herriko hainbat plazatan geldialdia egiteko asmoa dutela.
Urteroko 'Martxa frantsesa'
Txurruka zuzendariak aitortu duenez, Bergarako musika bandak Martxa frantsesa eskaintzen du urtero Antzuolako emanaldian, eta aurten ere hori jotzea da asmoa, kalejira egiten duten bitartean. Hainbat geldialdi egingo dituzte, eta horietan beste hainbat pieza entzuteko aukera egongo dela aurreratu du zuzendariak: "Arraunlariak pasodoblea eta Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori joko ditugu".