Blusa loredun eta jolas bako festak aurtengoak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 14a, 16:00

Iaz, Antzuolako jaietan kuadrilla jolasetan.

Kuadrillen Eguna berezia izan ohi da Antzuolako festetan. Hala ere, aurten ez dituzte jolasak egingo, eta, egun seinalatu horretako blusa loredunak jantzita kalera atera barik, bazkariak antolatu dituzte kuadrillek, euren kontura, uztailaren 17rako

Antzuolako jaien barruan egin ohi dituzten kuadrillen arteko jolasak ez dira gauzatuko 2020ko festetan. Duela lau urte egin zituzten lehenengo aldiz, eta ordutik urtero izan dute arrakasta. Txaranga edo musika talde batek girotuta, herriko kaleetan barrena aritu izan dira antzuolarrak, urtero, giro ederrean jolasak egiten, baina aurten ez da horrela izango.

Kuadrillen bazkariak

Blusa loredunak ere ikur bilakatu dira azken urteotan Antzuolako Kuadrillen egunean. Koloretsuak. Agian, barregarriak batzuentzat, baina festa giroa irudikatzen dutenak, duda barik. Aurten, baina, uztailaren 16rako eta 17rako ez da ezer antolatu Antzuolako Udaletik: "Jai ofizialik ez da egingo aurten, eta, beraz, eguenean eta egubakoitzean ez da ezer egingo. Zapatuan eta domekan izango dira Udaletik antolatutako ekintzak, eta herriko kuadrillak izango dira horietan. Horrekin batera, badaude Udalaren egitarautik kanpo, egubakoitzerako, kuadrillek euren kabuz antolatu dituzten bazkariak", adierazi du Mikel Bargiela zinegotziak.

Gastronomia lehiaketa barik

Kuadrilla ezberdinetako zenbait lagun ere animatu izan dira urtero gastronomia txapelketan lehiatzera. Aurten, baina, ez da halakorik egingo. Dena den, hurrengo urtekoetan jarriko dutela indarra adierazi du Bargielak: "Aurtengo jaietako mezua horixe da, ez dagoela jairik. Hala pasa beharko ditugu, eta datorren urtera begirakoak hobeak izango direla pentsatu…".

Ekintza gehiago uda partean

Jairik ez da egongo, baina ekintza sinboliko batzuk antolatu dituzte. Horrekin batera aurrera begira ekintzak antolatzeaz aritu direla Kultura batzordean adierazi du Ion Lizarazuk: "Festarik ez dago, baina uda partean ekintzaren bat edo beste gauzatzea irten da Kultura batzorde bileretan. Zinea izango dugu, eta uda pasa ostean ere izango ditugu ekintzak, baina zehaztu barik daude oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak