Antzuolan urtero izaten da erretiratuendako bazkaria herriko jai nagusietan. Hitzordu garrantzitsua izaten da herriko nagusiendako; izan ere, eskolako patioan batzen dira, eta primeran bazkaltzeko eta dantzatzeko aprobetxatzen dute. Aurten, baina, ez dute bazkaririk izango, eta ez dituzte Landatxope elkarteko nagusienak omenduko; dantza saiorik ere ez dute egingo. Edozelan ere, salda eta pintxoak izango dituzte uztailaren 19an, domekan, 12:15ean, eta amaitzean, Virginia Imaz clownaren ikuskizuna izango dute eskolako patioan.
Pertsona nagusienei zuzenduta
"Aurten ezohiko jaiak izango dira, eta Landatxope elkarteko nagusienak ez ditugu omenduko. Bazkaririk ere ez da egingo, ezta bazkalosteko dantzak ere. Hala ere, salda eta pintxoak jarriko ditugu bertara datozenendako, eta, mokadutxoaren ostean, ikuskizuna izango dugu; batez ere, jende nagusiari zuzenduta egongo da. Urtero omentzen ditugun nagusienak ez dakit etorriko diren bi hitzordu hauetara, baina Jai Batzordetik antolatu ditugun bi ekintza sinboliko hauek keinu bat izango dira beraientzat", adierazi du Pilar Etxanizek, Landatxopeko idazkariak.
Ikuskizuna, neurriak hartuta
Ezohiko jaietan egingo diren beste zenbait ikuskizunen moduan, protokoloa ezarri dute domekan izango den Virginia Imaz clown-aren ikuskizunera begira. Bertara doazen ikusentzuleek zenbait neurri bete beharko dituzte, eta horiek zorrotz betetzeko eskaera egin dute antolatzaileek: "Aulkiak eta mahaiak jarriko ditugu eskolako patioan, beharrezko segurtasun neurriak ezarrita. Patiora sartzeko eta irteteko pertsona bat edo beste egongo da, bertaratzen denari neurriak zeintzuk diren esaten eta argibideak ematen. Hori horrela, jendea animatu nahi dugu ikuskizunera, baina, betiere, neurriak ondo errespetatu ditzaten eskatu nahi diegu", adierazi du Etxanizek.
Barre eragin guran
Eskarmentu handia duen Virginia Imaz ipuin kontalari eta clown-aren saioa izango da domeka eguerdian, Antzuolako eskolako patioan. Batez ere, herriko nagusienei zuzenduta izango da saioa, eta, hori horrela, sudur gorria jantzi eta bertaratzen direnei irribarre bat ateratzeko asmoz irtengo da oholtzara Virginia Imaz.
17:00etan, berriz, Imazen gidaritzapean Gabe mimo ikuskizuna izango da, umeendako eta familiendako, eskolako patioan. Oihulari Clown-ek eta Pausoka guraso taldeak antolatuta ikuskizunaren estreinaldia izango Virginia Imaz clown eta ipuin kontalaria. GOIENA da, gainera.