Eskolako patioa
Gehienez, 30 pertsonak joka dezakete elkarrekin eskolako patioan; izan ere, kirol instalazioetan %60ko edukiera bete behar da-eta. Astean, asko jota, kirola egiteko bi erreserba egin ditzakete herritarrek eta egunero desinfekzio lanak egingo dituzte. "Eskolako patioa erabiltzen ari diren bitartean itxita egongo da; eta, noski, garbi utzi behar da; giltzak udaletxean jaso eta bueltatu egin beharko dira". Bestalde, kirola ez diren gainerako ekintzetarako patioa zabalik izango dute antzuolarrek egunero 18:00etatik 20:00etara bitartean. "Gogoratu umeak ez pilatzeko ardura gurasoena dela; hortaz, saiatu distantzia mantentzen, eta jakina, patioa garbi uzten. Zentzuz jokatzea eskatu gura diegu herritarrei", gaineratu dute udaletik.
Udal pilotalekua
Astean, gehienez, bi erreserba egin ahal izango dira eta erabiltzaileen kopurua gehienez lau lagunekoa izango da. Izen-abizenak eman behar dira udaletxean eta pilotalekua palan edo pilotan jokatzeko soilik erabili daiteke. "Erabiltzen ari den bitartean pilotalekua itxita egongo da eta giltzak udaletxean jaso daitezke. Gero bueltatu egin beharko dituzte, jakina. Sartzerakoan garbi egon behar du, eta ez balego, udaletxean eman behar da horren berri. Irteterakoan ere garbi utzi behar dute erabiltzaileek", argitu dute. Olalde pilota saileko kirolariek euren orduak dituzte entrenamenduak egin ahal izateko.