Ibai Zabalo: "Nire asmoen artean dago taldea uztea"

Maialen Regueiro 2020ko eka. 12a, 14:35

Ibai Zabalo, Lagun Onak taldearen aurkako partidu batean. (Irudia: Karlos Baleztena)

Ibai Zabalo (Antzuola, 1991) 16 urterekin hasi zen Antzuolako futbol taldean jokatzen, eta ordutik, bizipen zein esperientzia ezberdinak bizi izan ditu: jaitsierak, igoerak edota lesioak, besteak beste. Futbola uztekotan da Zabalo, oraindik behin betiko erabakia hartu ez duen arren.

Futbolari agur esateko ordua iritsi al da?

Oraindik guztiz erabakita ez daukat, baina azken urteetan buruan daukadan zerbait da. Beraz, gauzak asko aldatu ezean, hurrengo urtean ez dut taldean jarraituko.

Azkenean uzteko erabakia hartzen baduzu, zein izango da arrazoia?

Urte asko egin ditut taldean, hainbat lesio ere izan ditut, eta, horien ondorioak nabaritzen ez baditut ere, lesio muskularrak eragin dizkidate, eta horrela, modu ezberdinean disfrutatzen dituzu partiduak. Horrez gain, taldea belaunaldi aldaketa jasaten ari da, jokalariak oso gazteak dira eta bakoitzak modu ezberdinean ulertzen du futbola. Orduan, futbola alde batera uzteko garaia iritsi zaidala uste dut.

Futbola uzteko erabakia hartzen baduzu, zein da aurrerantzean AKE-rekin izango duzun harremana?

Beti egongo naiz elkartea laguntzeko prest, baina uste dut kontraesana litzakeela entrenatzaile gisa hastea, esate baterako. Urte batean, behintzat, aldentzea gustatuko litzaidake; osasun mentalagatik, batez ere.

Hamarkada bat baino gehiago egin duzu Antzuolako taldean jokatzen.

Halaxe da. Antzuolan zaila izaten zen futbol taldea sortzea, bertako gazteei Bergara edota Urolan jokatzea eskaintzen zietelako. Gauzak horrela, 16 urte nituela lehen taldearekin entrenatzen hasteko aukera eman zidaten eta handik urte batera hasi nintzen partiduak jokatzen. Ordutik, ez dut taldez aldatu.

Denetik bizi izan duzu futbolean eta lesioak ere zure ibilbidearen parte izan dira.

Esperientzia asko bizi izan ditut, onak zein txarrak, baina urte hauetan guztietan ikasitakoarekin gelditzen naiz. Igoerak zein jaitsierak bizi izan ditut; alegia, gozamenerako zein sufritzeko uneak. Zoritxarrez, bi belaunetan izan ditut lesioak, eta, horren eraginez, hainbat ebakuntza egin behar izan dizkidate. Zorionez, gaur egun, ez ditut lesio horien ondorioak igartzen.

Aurten, mailari eutsi dio taldeak. Emaitzarekin pozik al zaude?

Egia esan, aurtengoa denboraldi arraroa izan da: gaizki hasi ginen; jardunaldi batzuetan, hobetzea lortu genuen; ondoren, okerrera egin genuen; eta, azkenean, koronabirusak sailkapeneko azken postuetan harrapatu gintuen. Zorionez, mailari eutsi dio taldeak, eta horrekin pozik gaude.

Nola ikusi duzu taldea azken denboraldietan?

Taldeak izan duen bilakaera azpimarratuko nuke. Lehen, talde beteranoagoa zen, baina azkenengo urteetan jokalari oso gazteak ari dira jokatzen eta bizpahiru gara beteranoak. Hori, azken batean, igarri egiten da taldearen nortasunean, gehienbat partidua galtzen ari zarenean, pazientzia falta... Hala ere, gaztetasunak ere bere gauza positiboak eskaintzen dizkio taldeari; bizitasuna, esate baterako.

Zuen taldean nola hartu dituzue beste talde batzuetan hazitako jokalariak?

Beste talde batzuetan hazitako jokalariak futbola uztekotan egon dira, talde horietan jokatzen ez zutelako, eta Antzuolan beste aukera bat eman diegu. Guk gustura hartzen ditugu jokalariak eta beraiek ere gustura aritzen direla esango nuke.

Nola ikusten duzu AKE?

AKE osasuntsu ikusten dut kirol arloan zein elkarte gisa. Izan ere, azken hamarkadan beste bide bat hartu du zuzendaritzak eta lan ona egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak