Baserritar jantzi eta ospatu San Isidro eguna!

Maider Arregi 2020ko mai. 11a, 17:10

Antzuolarrek San Isidro festa kuttuna ez dute gertutasunez eta ohi moduan bertatik bertarako ganadu feriaz  gozatzerik izango. Hala ere, egubakoitzean baserritarren ohiko azoka egingo da eta zapatuan,  festarekin bat egin eta baserritar janzteko deia egin dute jai batzordekoek. Bertso saio ibiltaria ere egingo dute Lujanbiok, Amurizak eta Gaztelumendik.

Baserritar jantzia atondu eta maiatzaren 16an San Isidro egun handia ospatzeko deia egin dute jai batzordeko kideek: "Zapatuan kalera irtetean jantzi baserritar jantzia eta gogoratu 2 metroko distantzia mantentzeaz". COVID-19ak eraginda, antzuolarren festa kuttuna beste modu batean gozatzeko abagunea izango dute herritarrek, zalantzarik gabe. Baina egitarau zabala prestatu dute. Hala, goizean txistularien diana izango da eta 12:00etan bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute festa. "Udaleko kamioitik bertsotan egingo dute Maialen Lujanbiok, Beñat Gaztelumendik eta Miren Amurizak. Antiguan hasi eta Beheko auzoraino ibilbidea egingo dute. Helburua da pilaketak saihestea eta eskatuko diegu herritarrei distantziak zaintzea", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Kukumarru lehiaketa

Urteroko lehiaketa esanguratsuenetako bat da Kukumarruena Antzuolan. Umorea nagusi, aurten ere antolatzaileek, koronabirusari aurre egin eta lehiaketa aurrera ateratzeko ahalegina egin dute. Hala, parte hartzaileek kukumarrua etxean egin eta argazkia bidali dezakete kukumarruaren izena jarrita kulkiantzuola@gmail.com helbidera hilaren 17a baino lehen. Hirix plataformaren bitartez bozkatzeko aukera izango da hilaren 22ra bitartean. "Txorimaloak balkoietan eta atarietan jartzera animatu gura ditugu herritarrak". Irabazleak Antzuolako taberna batean afaltzeko 150 euroko bonua irabaziko du.

Baserrietara bisitak

Herritarrek baserriak bisitatzeko aukera izango dute gaur eta baita asteburuan ere. Lapatza, Lamaño, Pikunieta, Iralatorre eta Bidaurre gertutik ezagutzeko aurrez deitu beharko da 943 766 246 telefonora. Familian edo talde txikian egingo dira bisitak. Gainera, interesa dutenek Antzuola Sortzen youtubeko kanalera harpidetuz gero, beste baserri batzuetako bisitak ere jarraitzeko aukera izango dute antzuolarrek.

Pintxo lehiaketa

Talo egileen bisita ere ez da izango aurtengo San Isidro egunean; ezta txorixo edo gazta goxoa dastatzeko aukerarik postuetan. Halaber, herritarrek etxean prestatu dezakete familia giroan pintxo goxo bat. Irabazleak afaltzeko 150 euroko bonua irabaziko du. Pintxo irabazlearen berri maiatzaren 17an jakinaraziko da. "Erabilitako produktuetatik bi gutxienez Antzuolan ekoiztuak izan beharko dira. Egindako pintxoaren argazkiari izena jarri eta 630 455 114 telefonora whatsapp-ez bidali dezakete edo kulkiantzuola@gmail.com helbidera bidali. Udaleko instagram kontuan ere publikatuko ditugu #pintxonenaneria hashtag-a jarriz".

Meza Santua, egubakoitzean

Elizbarrutiko ordena jarraituz, hilak 11n zabaldu dira elizak eta gurtza lekuak ere. Hala, egubakoitzean, San Isidro eguna izanik Meza Santua egingo da Parrokian, 11:00etan. "Denok dakizkigun neurriak hartu behar ditugu: 2 metroko distantzia mantendu eta eliza sarreran egongo den gelarekin eskuak garbitu, besteak beste", azaldu du Juanita Zabalok.

"Domekan ere, 11:00etan Meza Santua izango da Pazko aldiko seigarren domeka izanik. Gaixoen Pazkoa ospatzen dugu baina daukagun egoera ikusita ezin gaixoak ekarri; hala ere jakin dezatela gaixo denak gogoan izango zaituztegula ospakizunean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak