Tabernarien zalantzak
Tabernari askok ez dituzte 1. faserako ezarritako arauak ulertzen, eta, taberna bakoitzaren egoera ezberdina denez, askok ezingo dituzte astelehenean ateak zabaldu araututako baldintzetan. Izan ere, ostalaritzan, terraza duten tabernek izango dute irekitzeko aukera, %50eko ahalmenarekin. Hori dela eta, terrazarik ez duten tabernek ezingo dituzte negozioak zabaldu. Mox tabernako jabeak, esate baterako, bere egoeraren berri eman du: "Irekitzeko izugarrizko gogoa daukat eta jende askok galdetzen dit astelehenean zer egin behar dudan. Nik taberna ireki nahi dut, baina eguraldi txarra egiten badu ez daukat aterpe edota eguzki-oihalik terraza estaltzeko; beraz, terraza ez da erabilgarri egongo eta ezingo dut taberna zabaldu". Terrazaren ahalmenaren harira, berriz, honako hau azaldu du: "Mahai dezente dauzkat, baina ez dakit baimendutako espazioa baino gehiago hartzeko aukerarik izango dudan". Horiek, denda den, ez dira Mox tabernako arduradunaren zalantza bakarrak, ateak irekitzeak mereziko duen ere hausnartu du eta: "Taberna zabaltzea erraza da, baina, agian, gastu gehiago izango ditugu etekinak baino, eta, horregatik, ez dakit mereziko duen egoera honetan zabaltzea. Gainera, neurriak hartu beharko ditugu eta horrek ere gastu bat ekarriko du". Antzuolako taberna horrek, esate baterako, asteburuetan etxera eramateko zerbitzuarekin funtzionatzen jarraitu du alarma egoera ezarri zenetik, eta horri esker negozioa ez da eten.
Larrea tabernak ere terraza dauka, eta, araudiak esaten duenaren arabera, astelehenean irekitzeko baimena izango du. Hala ere, jabeek eguaztenerako oraindik ez zuten erabakia har-tuta: "Zalantza asko ditugu, eta datozen egunetan hartzen diren neurrien arabera erabakiko dugu zabaldu edo ez".