Astelehenean hasi eta lau hilabeteko epea izango du Artzamendi enpresak Eztalako obra egiteko. Irailerako eta denboraldi berrirako prest egongo litzateke Eztala berritua. Eraikin berriak lau aldagela, epailearendako eta masajistarendako gela bana eta materiala gordetzeko biltegia izango ditu.
Aurten, Eztalako obrak aurrera egingo du Olarangoak ez bezala. Izan ere Olarango obraren egoera oso bestelako da: proiektua soilik dago idatzita. "Olarango lanetara bideratutako dirua gizarte larrialdiari erantzuteko izango da, 60 mila euro inguru. Kasu honetan aukera dugu obra atzeratzeko eta diru-laguntzak ez galtzeko; justifikatutako egoera baten aurrean gaude", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Lau aldagela eta tabernari lotuta
Onartu berri den proiektuak lau aldagela izango ditu: bi ezkerrean eta beste bi eskuinean. Erdian arbitroarendako aldagela. Biltegia, bulegoa eta masaje gela ere baditu. Baita komun publikoa ere. Azalera berdina edukiko du: 181 metro koadro inguru. Taberna lotuta izango du eraikinak; erdiko lotunea biltegia egiteko aprobetxatuko da. Aurrekontua 271.000 euro pasatxokoa da eta horri gehitu behar zaizkio saneamendu lanen kostua, beste 10.000 euro, alegia.</p>