Komertzioei diru-laguntza bideratzeko proposamena bihar osoko bilkuran berbagai

Maider Arregi 2020ko api. 27a, 13:36

COVID-19ak sortutako egoera arintzeko, diru-laguntzak urgentziaz emateko deialdia proposatuko du udal gobernuak bihar telematikoki egingo den osoko bilkuran onar daitezen. "Pertsonengan inbertitu gura dugu eta gizartera bideratuko dugu Olaranen aurreikusitako gastua", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak. COVID-19aren aurkako Alderdi sozialistaren adierazpen instituzionala ere izango dute hizpide.

Aurten, 91.000 euro Olarango eraikina berritzeko bideratuta zeuden jasota aurrekontuan. Baina udal gobernuak gizartera bideratuko dituela iragarri du. Biharko osoko bilkuran diru-laguntza proposamena onartzea du asmo udalak.  "91.000 eurotik 60 mila COVID-19ak sortutako kalteak arintzeko izango da: merkatariei, tabernariei, dendarien zein autonomoei. Gainontzeko  31 mila euro kreditu globalera bideratuko ditugu bestelako beharren bat sortzen bada. Diru laguntza zuzenak dira eta negozioa hilabete itxita eduki dutenei laguntzeko da", argitu dio Beñardo Kortabarria alkateak GOIENAri.

Behin diru-laguntzak onartuta,  Buletin Ofizialean argitaratu eta 15 egunez egon beharko da iragarkia diru-laguntzak banatu ahal izateko.

Alderdi sozialistaren adierazpen instituzionala

Antzuolako alderdi sozialistak Covid-19ari aurre egiteko adierazpen instituzional bateratua sustatzeko eskaera egingo du biharko osoko bilkuran. Hala, telematikoki egingo den osoko bilkuran, hamar puntu batzen dituen adierazpen instituzionala aurkeztuko du Miren Arrate Gallastegi zinegotziak. Besteak beste, alderdi politiko guztiei COVID-19 gaitzari aurre egiteko indarrak batzeko deia egingo du Gallastegik. "Alderdi sozialistaren proposamenak ez dauka inolako norabide politikorik", azpimarratu du. "Biharko osoko bilkuran guztion ideologiak alde batera utzi eta batasuna gurako nuke izan COVID-19ari aurre egiteko". Hauek dira hamar proposamenak:

1- COVID-19ak eragindako heriotzei, dolumina.

2- COVID-19az gaixotutakoei babesa.

3- Herritarrei eskerrak eman eta euren jarrera txalotzea. Alarma Egoeraren azken txanpan erlaxatu gabe egon daitezela eskatzea eta animoak eman neurriekin zorrotz jarrai dezaten.

4- Osasun arloko langile guzti-guztien lana eskertu eta goraipatu.

5- Herritarrak COVID-19az babesteko lanean jarraitzen duten langile ororen lana eskertu eta balioan jarri: supermerkatuetakoak, garbitzaileak, poliziak, suhiltzailek, irakasleak, garraiolariak...

6- Herritarrak balkoietara 20:00etan elkartasunezko txaloak egitera irteten jarraitu dezatela.

7- Murrizketarik gabeko osasun sistema publikoa eta osasun zerbitzu unibertsala defendatzeko eskaera.

8- Covid-19ari aurre egiteko txertoa ikertzen jarduteko laguntza gehiagoren eskaera egitea Gobernuei.

9- Instituzio publikoekin elkarlanean jardutea COVID-19aren ondorio larrienak jasan dituztenei laguntzeko.

10- Alderdi politiko guztiak bat egitea pandemiari aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak