"Batzordeak eten ditugu, osoko bilkura ez dugu egin... egoera luzatzen bada, legeak aukera ematen duenez online egingo ditugu, gutxienez, udalbatzarrak. Gobernu taldea astero elkartzen da bideokonferentziaz; aurrera begirako lanak egiten ari gara, baina, egia esan, erabaki handirik ezin dugu hartu egoera honetan. Proiektuak eta talde-izaera bizirik mantentzeagatik elkartzen gara. Pena da, sasoi honetan taldeak ereindako fruituak ikusten egon beharko genuke eta! Etxetik ari gara lanean eta behar denean udaletxera hurbiltzen naiz", dio Beñardo Kortabarria alkateak .
Oraingoz bi positibori eusten diola Antzuolak dio Osakidetzak. "Kasuak, kopuruak... ez zaizkigu interesatzen; horien beharrak ahal den neurrian asetzea, ordea, bai. Elkartasun-taldea eratu dugu eta behar dutenei laguntzen dihardugu; baita berrogeialdian dauden guztiei ere".
Tasak eta zergak, atzeratu
"Atera dugun azken dekretuak zerga eta tasekin dauka zer ikusia. Legeak ematen digun aukera baliatuz, momentuz atzeratu egin dugu ordainketa. Hau normaltzen denean, egoera ondo aztertu eta erabaki sendoak hartu beharko ditugu. Izan ere, orain zaila da jakitea zeini, zela eta zenbateraino eragingo dion. Jakina, gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera honetatik irteteko zailtasuna duten eta izango duten guztiei esku bat botatzeko".