Elikadura dendak, zabalik
Askotariko elikadura saltzen duten dendak, okindegiak, harategia, botika, estankoa eta informatika denda zabalik daude Atzuolan. Hori bai, ordutegi mugatua dute eta goizez soilik zabaltzen dute zenbaitek. Ordutegi murriztua duen horietako bat da Kontxi Laskurainen Itzar estankoa: "10:00etatik 12:30era inguru irekitzen dut soilik. Tabakoa, entretenitzeko aldizkari zein egunkariak eta haurrendako kartulinak erostera etortzen dira herritarrak. Neurriak hartuta ditugu baina txanponak hartzerako orduan kontu handia daukat. Eskularruekin gabiltza eta une oro alkoholarekin garbitzen. Kalean ez da haur bat bera ere ikusten eta egiten ari diren esfortzua txalotzekoa da. Horixe da herrian nabarmentzen dena: haurrek zein jarrera eredugarria duten".
Desinfekzio lanak
Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak jakinarazi du ur-parkea desinfektatzeko erabiltzen duten likido bera darabilela Osasun Sailak inguruak desinfektatzeko. Horregatik, likidoa badutela dio; ez, ordea, baliabide materialik: "Produktua badaukagu, ur-parkean erabiltzen duguna; izan ere gomendatu duten bera da eta dezente daukagu gainera. Baina maskarillak eta arropa falta zaigu. Hala ere, eskuratzear gaude eta desinfekzio lanekin jarraituko dugu".
Liburutegia Torresoroan, baina itxita
"Liburutegia zabaldu eta hurrengo egunean dena ixtearen erabakia hartu zen. Leku aldaketa eginda, amaituta dago, baina Gizarte Zerbitzuetako teknikari Karmele Korta oraindik udaletxeko lokalean dago. Lekuz aldatzeko brigadaren beharra du eta une honetan brigadakoak desinfekzio lanetan dabiltza", azaldu du alkateak.
Eztalako obra, geldi
Administrazio prozedura guztiak daude geratuta eta horrek bete-betean Eztalako hitzarmenari eragin dio. "Arzamendi enpresari esleitua zegoen obra eta kontratua sinatzea falta zen. Sinadura aurreko astean egin behar genuen eta beraz, sinatu gabe dago. Hau dena pasa arte ezingo da. Osoko bilkura ere oraingoz atzeratuta daukagu; asko luzatzen bada egoera hau baliteke birtualki egitea osoko bilkura".
Beñardo Kortabarriak aurreratu du maiatzerako ekimen guztiak, San Isidro tarteko, kolokan daudela. "Baliteke soka luzea ekartzea honek eta batek daki herriko jaiak ere egingo ote diren... nor ausartzen da zerbait esatera egoera honetan".
Aldundiaren oharra
Gipuzkoako Aldundiaren mezua jaso berri dugu eta aurreikusten zen diru ekarpena murritzagoa izango dela aurreratu digute jada. Horrek dakar, noski, aurrekontuak aldatzea eta egokitzapenak egitea. Oraindik ez daukagu daturik, beraz, ezin dugu ezer egin eta erabaki", aurreratu du Kortabarria alkateak.