Libe Valverde: "Egun entzuten dudan musika aitari zor diot"

Maider Arregi 2020ko ots. 29a, 09:00

29 urte ditu Libe Valverde antzuolarrak. Ikus-entzunezko Zientzietan eta Turismoan da lizentziaduna. Aspalditxo, ordea, musikari estuki lotuta, Liv Wallace gisa zuzenekoak eskaintzen ari da. Gitarra eskuan, sekulako oihartzuna lortu du sare sozialei esker.

Noiztik musikarekiko zaletasuna?

Gitarra eskolak jasotzen hasi nintzen 8 urte inguru nituela; izan ere, gurasoek Musika Eskolan apuntatu ninduten sasoi hartan. Gitarra klasikoarekin hasi nintzen orduan. Baina, egiari zor, benetako zaletasuna 16 urte nituela sortu zitzaidan, kontzertuetara joaten hasi nintzenean. Musikan bazela zerbait gustuko nuena sentitu nuen punk-oi! estiloko zuzenekoetan.

Eta orduan erabaki zenuen gitarrarekin segitzea?

Gurasoek betidanik irakatsi didate musika maitatzen. Baina zuzeneko haietan, barruan neramana azaleratu zitzaidan eta gitarra elektrikoa ikasteari ekin nion, Arrasaten. Gitarra jotzeko pasioa, beraz, 16 urterekin piztu zitzaidan berriro.

Etxeko transmisioa ere hor dago. Barruan zeneramana azaleratu zitzaizun.

Bai. Nire aitak betidanik jarri dit musika etxean; bereziki, country estilokoa. Orduan, bestelako musikan nuen arreta jarrita; baina denborarekin ohartu naiz aitaren musika hura gustutako dudala, eta orain, neuk entzuten dut; aitak, aldiz, nik gustuko dudan musika entzuten du orain. Hein handi batean, entzuten dudan musika aitari ere zor diot.

Abesti ezagunen bertsioak egiten dituzu eta sare sozialetan oihartzun handia izan duzu.

Bai; abestien %99 bertsioak, cover-ak, dira. Baina baditut abesti propioak idatzita ere. Argitaratuta, soilik bakarra, Chapter one izenekoa. Nire abestiak publikatzeko urratsa ez dut egin oraindik. Ausardia falta zait eta beldur pixka bat ere badaukat. Aurrerago, gurako nuke maizago nire kantuak argitaratu. Izan ere, arrakasta duen abesti baten bertsioa egitea niretzako errazagoa da. Jendeari gustatzen zaio taldea gustatzen zaiolako.

Youtube aukeratu zenuen hasieran.

Hasi nintzenean, momentuko sare soziala zen Youtube. Orain, aldiz, Instagram eta Facebook erabiltzen ditut Youtubekoari oihartzuna emateko. Instagrami esker, minutu bateko klib-a munduko edozein tokitara irits daiteke.

Zuzenekoak eskaintzen hasi zara.

Halaxe da, zuzenekoak pixka bat egokitzen ditut ikus-entzuleen arabera. Gehiegi arriskatu gabe gustuko dut ikusleek gogoko duten kantu horiek jotzea. Baina eroso sentiarazten nauten abestiak dira nagusi; zuzenean bermea emango didatenak. Ingurukoek, lagunek zein etxekoek, asko animatu naute eta ikusi dute ez dela denbora-pasa bat eta serio hartzen ditudala zuzeneko emanaldiak.

Zu eta zure gitarra taula gainean. Bertigo pixka bat emango du, ala?

Hala da; ni, nire ahotsa eta nire gitarra nire urduritasunarekin. Gogoan dut lehen zuzenekoa Antzuolan orain sei bat urte. Oso urduri irten nintzen herriko ezagunen aurrera. Orain, nire buruarengan konfiantza badaukat eta beldur barik irteten naiz. Disfrutatu egiten dut eta, egiten dudanaz gustura nagoenez, nik uste dut transmititu egiten dudala sentsazio hori.

Sarean jendeak zutaz duen iritzia nola daramazu?

Kritika konstruktiboa bada, onargarria da; ahotsari dagokionez, beti dago zer hobetu. Baina ulertezina da nire tatuajeekin eta itxurarekin sartzen badira. Youtuben jasotzen ditu-dan mezu asko ere besteen kanalak iragartzeko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak