2002an hasitako ikerketa luze baten ondorioa da Hezkuntza Antzuolan liburua. Euskal Herriko hezkuntzaren historian kokatzea izan da, besteak beste, Antzuolako azterlanaren helburua. Era kronologikoan egin da hezkuntza ibilbidea, XVI. mendetik XXI. mendera arte. Mendez mende euskal hezkuntzak eta Antzuolakoak izandako testuinguruak landu dira liburuan, legediari eta arautegiari, maisu- maistrei, eskola mota eta pedagogiei zein eskolako umeei arreta berezia jarriz. Liburua salgai jarriko da udaletxean eta liburutegian, 10 euroren truke.
'Hezkuntza Antzuolan', erakusketa
XX. eta XXI. mendeko hezkuntza eta eskola ulertaraztea du helburutzat Olaranen jarriko den erakusketak. Horretarako txoko desberdinetan, garai bateko hezkuntzaren lekukoak ikusteko eta ezagutzeko aukera egongo da: auzoetako eskolak, Uzarragako eskola, Maristak, Haur-Hezi Ikastola, Eskola Nazionala eta, azkenik, gaur egungo Herri Ikastetxea. Txoko guztietan dokumentuak, altzariak, eskolako ekoizpenak, materialak, argazkiak... ikusi ahal izango dira. Otsailaren 29an eta martxoaren 1ean eta martxoaren 7an eta 8an izango da erakusketa bisitatzeko aukera, 18:30-20:30.