Jolaseneak askotariko mahai jolasak gerturatu dizkie herritarrei. Taldeko kideak gustura daude; izan ere, jolas eredu hauek geroz eta jarraitzaile gehiago dituzte inguruko herrietan.
Talde lana
"Joko sozialak dira eta bakoitzaren gaitasunak garatzen laguntzen dute. Adin tartearen araberako jolasak ditugu", dio Jolasenea taldeko Oskar Lopezek. Arrakasta dutenen artean, dedukziozkoak daude. "Sherlock Holmes ikertzailearen jokoak harrera ona du. Taldean jokatzeko jolasa da, alderdi soziala lantzea ere badugu-eta helburu", argitu du. "6 urtetik gorakoendako jokoak ditugu; izan ere, adin horretatik gorakoak hasten dira gaitasunak garatzen, eta xarma handia dute. Lehiakortasuna ez dugu helburu. Hain justu, denon artean lortu beharreko helburuak ditugu oinarri". Eredua inguruko herriek ere aintzat hartu, eta interes handia erakutsi dute: "Ezkio-Itsasora, Zumarragara, Ormaiztegira... joan gara eta aretoa bete dugu".
Eskoletan ere aztergai
Joko hezitzaileen onurez jabetuta, eskolak ere hasi dira mota hauetako joko sozialak eta kooperatiboak lantzen. "Eskoletan asko erabiltzen dituzte jada jokoak. Haurrek matematikaren eta logikaren bitartez jolas egiten dute. Modu horretan askotariko gaitasunak garatzen dituzte, gainera", azaldu du Jolasenea taldeko kide Oskar Lopezek.