Andoni Argiñano: "Bizitzarako eredua da Antzuolako eskolarena"

Jone Olabarria 2019ko abe. 16a, 11:22

'Hezkuntza berrikuntza: Antzuola herri eskolako bilakaera berrikuntza pedagogikoaren bidean' tesia idatzi berri du Andoni Argiñano Madrazok. Ereduaren gakoez eta biziraupenaz aritu da EHU-ko irakasle den Argiñano.

Andoni Argiñano Madrazo Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko kide da Hezkuntza Fakultatean, eta irakasleen prestakuntzako masterreko irakasle. Tesia aurkeztu du, Antzuolako eskola ardatz.

Zergatik Antzuolako eskola?

Berrikuntza bat denboran zehar mantentzeko zantzu nagusiak zeintzuk diren topatu nahi genuen. Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat eredu gainetik aztertu ostean, Antzuolakoak zituen bereizgarriengatik aukeratu genuen, eta 35 urtez eredua mantendu ahal izan dutelako.

Zein apustu egin zen Antzuolan duela 35 urte?

Apustu asko egin ziren, baina hezkuntza komunitate osoaren artean eredu bat sortu nahi izan zen; betiere, eredu hori bizitzarako adibide bezala baliatuta. Akademikoki soilik ez, pertsona modura formatzea bilatzen zen. Era berean, argi izan zuten balio horiek era praktikoan erakutsi behar zirela. Hau da, ez du balio era teorikoan soilik erakusteak, goazen haurrak praktikatzen jartzera.

Nola abiarazi zuten proiektua? Nolakoak izan ziren lehen uneak?

Ordura arteko bi ikastetxeen arteko elkarketa une oso garrantzitsua izan zen. Horren ostean, modu demokratikoan hasi ziren eraikitzen, asanblada bidez. Proiektuak zer noranzkotan joan behar zuen definitu zuten; betiere, familiak parte izanda. Horrek berebiziko garrantzia izan zuen. Behin hezkuntza komunitate osoarekin nahi zen eredua definituta, irakasleen esku geratu zen hori garatzea; nola egingo dugu, nola iritsiko gara nahi dugun horretara?

Hortaz, nola definitu Antzuolak eraikitako hezkuntza eredua?

Zaila da, baina bizitzarako eredu bat eratu dutela esango nuke, horrek bere barnean duen guztiarekin: erabakitzen jakitea, demokrazian bizitzen ikastea, bakarrik bizitzea, taldean la egitea... Bizitzako arlo ezberdinetako ezagutzak puntu komun batean batzen dira eskolan.

Zein da eskolan hazi eta hezitako ikaslearen profila?

Eredu berri batera moldatzeko arazorik ez duen ikasle profila dela bermatu dugu, eta, ikertze prozesuan gabiltzan arren, Antzuolako ikasleen %67k ikasketa unibertsitarioak egin eta amaitu dituztela ikusi dugu. Eredu honek ezagutzarekin erlazio positibo bat bizitzera bideratzen ditu ikasleak. Ondorioz, jakin min handia duten haurrak direla esango nuke.

Zela ikasten du Antzuolako haurrak?

Esperimentatzen eta hitz egiten, batez ere. Ikasleek arazo bat planteatzen dute, beti haien interesei jarraiki, eta horri irteera ematen saiatzen dira. Arazo horren barnean dauden oztopoei aurre eginez. Proiektu diziplinartekoen bidez funtzionatzen dute, gai bat landu eta hori eskolako arloetara zabaltzen dute.

Nola lortu da ereduaren biziraupena hainbeste urtean zehar?

Hasieratik bertatik, komunitate osoa zegoen inplikatua eta edozein zailtasunen haurrean laguntzaile izan ziren. Gaurkora etorrita, orduan ikasle izandakoak guraso dira egun; proiektua gertutik ezagutzen dute, badakite zer ematen duen eta bere defentsan lan handia egiten dute. Eskola herriko ondare kultural bilakatu da Antzuolako kasuan, guztiena den zerbait.

Etorkizunari begira, nola mantendu?

Eredua hobekien ezagutzen duten irakasleen erretiroak direla eta geroz eta zailago egiten da eredua mantentzea, baina ikastetxeak familien babesa dauka, irakasleak sekulako lana egiten dabiltza eta badirudi administrazioak ere proiektuaren alde apustu egiteko asmoa azaldu duela. Aldagai hauek ikusita eredua mantentzea posible dela esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak