"Gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, emakume helduek sufritzen dituzten tratu txarrak ekarri nahi ditugu plaza honetara. Tratu txarra eraso fisikoekin lotu ohi da. Baina badaude beste egoera gordin asko nagusiak edo zaharrak bizi dituztenak, batez ere emakumeek, urte gehiago bizi eta manpekotasun handiena jasatzen ditugulako.
Aukeratu ez dugun bakardadea. Datu ofizialak erabilita, Gipuzkoan 55 urtetik gorako 15.000 pertsona bizi dira bakarrik, hauetatik 1335 dira 80 urtetik gorako emakumeak. Bakardadeak, isolamendua eta gaixotasun fisiko eta psikologikoak eragiten ditu, besteak beste depresioa.
Pobrezia. Askotan, isolamendu hau bizi-baldintzei lotua dago: igogailu gabe bizi eta etxean geratu behar izana, emakume pobreak ezin dutenak aisialdiaz disfrutatu, ezin dutenak berogailua piztu… Ezin dutenak behar duten zaintza-zerbitzua kontratatu. Hauetatik asko astelehen askotan hemen salatu dugun egoeran daudenak, pentsio bajuenak dituztenak eta ezin direnak duintasunez bizi.
Menpekotasunari lotutako tratu txarrak, batez ere dementzia duten zaharrek jasatzen dituztenak. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika Sailak egindako ikerketaren arabera 60 urtetik gorako 21.250 pertsona dira Euskadin osasun arreta edo arreta soziala behar dutenak, 11.300 kasu larriak direlarik. Dementzien kasuan egoera larriagoa da, jasatzen dutenak ezin direlako komunikatu eta ezin dutelako zer pasatzen zaien adierazi.
Abandonoa, garbitasun falta, kontrolik gabeko medikazioa dira beste egoera batzuk.
Engainoa. Batzutan gertukoak, bestetan ezezagunak dira nagusia engainatu eta hartu nahi ez dituen erabakiak hartzera behartzen dutenak, batez ere arlo ekonomikoan. Gogoratuko dugu preferenteen kasua, adibidez, banku-txartelen erabilera, engainupeko diru lapurketak edo iruzurrezko salmentak, testamentu-aldaketa…
Zaintzaileek egiten duten lan ordainezina azpimarratu eta txalotu nahi dugu, bai egoitzetan lan egiten dutenena eta baita etxeetan zaintzen dutenena; bai bertan jaiotakoena eta baita ere familia atzean utzi eta lurralde ezberdinetatik etorri direnena. Zaintza lana ez dago behar bezala baloratuta gure gizartean. Horregatik, zaintzaileen lan baldintzak ez dira hoberenak izaten, lan karga handia izaten dute eta, askotan, ezin dute eskeini beharrezkoa den arreta fisiko eta emozionala. Beraz, helduen eskubideak eta ongizatea bermatu ahal izateko, baliabide egokiak exijitzen dizkiegu erakunde publikoei. Beharrezkoak dira, baita ere, gure arteko laguntza eta belaunaldien arteko elkartasuna".