Oscar Candendo: "Entzun eta sentitu egin behar da organoa"

Maider Arregi 2019ko urr. 12a, 10:00

Organo Erromantikoaren Nazioarteko zikloaren baitan, urriaren 19an, Oscar Candendo antzuolarrak emanaldia eskainiko du bergarako Santa Marina parrokian. Ogibidez organo irakaslea eta kontzertista da Candendo. Egun, bera da Donostiako Artzain Onaren katedraleko organo-jolea.

 

Ze sentsaziorekin etorriko zara Organo Erromantikoaren Ziklora?

Bergarako Santa Marinako organoa ezagutzen dut eta datorren astean joango naiz emanaldia aurrez prestatzera. Organoarekin aurrez hartu-emana izatea beharrezkoa da, ala? Guk lan asko bertan egin behar dugu; ez gara beste musikariak bezalakoak. Izan ere, ez daude bi organo berdin, eta aurrez lan-du behar dugu errepertorioa. Ni une honetan Leongo katedralean nago; kontzertua bi egun barru den arren, aurrez landu behar dut eta aurrez ezagutu, erregistrazioa prestatzeko. Noski, obrak aurrez ikasi behar dira, musi-kari guztiek bezala, baina gero, lekura egokitu behar duzu.

Bailaran organoak bere lekua egin duela esan daiteke?

Esan beharra daukat Gipuzkoan organo oso onak ditugula. Hiru organo onenen artean, Bergarako San Pedro parrokiakoa dago, nire ustez. Beste biak Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikakoa eta Azkoitiko Santa Maria parrokiakoak dira. Esti-lo ezberdinetako organoak daude, arkitekturan moduan. Or-gano barrokoa, erromantikoa... Gipuzkoan organo erromantiko-frantses asko dago. San Pedrokoa estetika horren barruan dago. Gipuzkoan dagoen altxor artistikoa da organoa.

Bergarakoa berezia omen da.

Entzun eta sentitu egin behar da organoa. Bakoitzaren soinua, erregistroak... bereziak dira. Bergarakoaren kasuan, oso onak. Mundu guztitik etortzen dira. Aipatutako hiru organo horiek Europa eta Ameriketan oso eza-gunak dira eta grabaketak egiten dira bertan, gainera.

Bailaran organo emanaldiekiko zaletasunik badago?

Azpimarratu behar da koru eta organo emanaldiak direla. Biak eskutik datoz. Bergarako Orfeoia oso ezaguna da eta tradizio asko dago. Organoa koruarekin erakargarriagoa dela esango nuke.

Bergarako emanaldian ere korua izango duzu lagun.

Bai, noski. Kasu honetan, Easo gazte taldearekin batera eskainiko dut emanaldia. Korua 16-18 urte arteko nesken ahots zuriek osatzen dute, eta organoaren laguntzarekin abestuko dute. Bi edo hiru pieza joko ditut, eta, beraz, organoa ere entzungo da. Esan behar da Santa Marinako organoa ere oso ona dela; alboan San Pedrokoa izanda nahi gabe sortzen diren arren konparazioak. Baina biek eskaintzen dituzte aukera onak, bakoitza bere erregistroekin, jakina.

Antzuolako organoak soinu polita daukala ere badiozu.

Bai. Antzuolan, XVIII. mendeko organoa zegoen; orain dagoen organoak baditu orduko erregistro zahar batzuk. Bi erregistro inguru aprobetxatu zituztela uste dut. Soinu oso polita dauka eta akustika oso ona dago. Eliza oso ondo zaharberritua dago, baina organoa ez zen berritu. Aurrekontuaren barruan egin zitekeela uste dut, ez da organo handia-eta, baina... ez dakit zer pasa zen; pena da eliza horren eder zaharberritzea eta organoa hor dagoela ahaztea.

Nola hasi zinen organo-jole?

Pianoa ikasi nuen Mariaren Lagundian eta domekero entzuten nuen organoa Antzuolan. 11 urterekin Donostiara joan ginen bizitzera. Jose Manuel Azkue zen basilikako organista eta haren kontzertu batean ohartu nintzen zaletasunaz. Donostian bizi; Bartzelonan lan. Bartzelonan 19 urte daramatzat organo irakasle, goi mailako musika eskolan. Bizi, Donostian. Artzain Onaren katedraleko organo jolea ere banaiz; eta Easo abesbatzarekin kontzertuak ere eskaintzen ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak