140 kilometro, herritik inoiz baino gertuago

Maider Arregi 2019ko ira. 27a, 08:00

Kabalkada ikuskizunean parte hartu du Oinarin dantza taldeak Aiherran. Esperientziaz gozatu dutela aitortu diote dantzari antzuolarrek GOIENAri. Domeka honetan, hilaren 29an, beste emanaldi bat eskainiko dute, arratsaldeko lauretan hasita.

Lehenengo aldia da herriko Oinarin dantza taldeak kabalkada deritzon ikuskizun batean par-te hartzen duena. Baina zer da kabalkada? Bada, hainbat diziplina artistiko batzen dituen ikuskizuna da –dantza, antzerkia eta kantua, hain zuzen ere–. Pasa den asteko domekan, Aiherran, egin zuten lehen emanaldia eta 200 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten; tartean, aurreratu bezala, Oinarin taldeko dantzariak. Lehenengoz bizi izan dute Antzuolako dantzariek kabalkada batean parte hartzeko esperientzia barrutik. Eta oso gustura eta gogotsu etorri direla Aiherratik aitortu dute: "Esperientzia oso polita izan da. Bizitzan gu-txitan izaten dira horrelako ekintzetan parte hartzeko aukerak, eta bizipen oso politekin bueltatu gara etxera".

Bailarako isla

Kabalkadan, Debagoienean jada estreinatu duten dantza egin dute. "Arin-arina dantzatu dugu. Bailarako Dantzari Egunerako arin-arin bat asmatu genuen eta koreografia bera egin dugu, baina Aiherrakoek emandako musikarekin", azpimarratu dute dantzari antzuolarrek.Diziplina asko uztartzen dituen ikuskizuna izanik, antolaketa eta denborak kontuan edukitzea ezinbestekoa da kabalkadan. "Diziplina desberdinek parte hartzen dute eta gure zatia besteekiko bereizita doana da. Sarrera-irteerak uztartu behar izan ditugun arren, ez digu arazo berezirik eman". Senidetzea, indarrean Antzuola eta Aiherra herrien arteko senidetzeak ez dauka lortu ezin daitekeen erronkarik."140 kilometrok banatzen gaituzte eta ez da erraza horrelako emanaldi baterako koordinazioa aurrera eramatea. Dena den, lanak argi izan ditugu une oro eta positiboki baloratzen dugu. Domekarako ere gogotsu eta dena emateko prest gaude".

Domekan, bigarren emanaldia

Kabalkadaz gozatzeko bigarren aukera hilaren 29an dago. Autobusa Sagastitik irtengo da, 12:30ean –sarrerak, aurrez, udaletxean–. Lehen emanaldiarekiko inpresio oso ona jaso dutela diote: "Asko animatzen gintuzten dantza egiteko orduan; gainera, batzuk aurreko egunetik joan ginen eta euren etxeetan ere hartu gintuzten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak