'EHKOlektiboa bertsotan' egingo dute Pikunietan, goi mailako bi bertsolarirekin

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 19a, 19:06
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, 'oxigenoa euskarari 6000 metroan ere' ekimenaren aldeko bertso-saioan, Oñatin.

Urriaren 5ean, zapatua, izango da, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariekin. Plaza mugatuak dira, beraz, izena eman beharko da. Kolektiboaren webgunean egongo da horretarako aukera, irailaren 21etik aurrera –09:00etan irekiko dute izen-ematea–.

Kolektiboaren parte diren baserrietako lana eta agroekologia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du ekimenak, eta baserritarrek emandako informazioaren ilustrazioak egingo dituzte Lujanbiok eta Arzallusek, bertso bidez. Ondoren, bazkaria egingo dute Pikunietan bertan.

Proiektu honekin "bizitzaren bi oinarrietara" jo nahi du EHKOlektiboak: elikadura eta ahotsa. "Horiek baitira, gure ustez, biziaren bi oinarri, funtsezkoak, ezinbestekoak biziko bagara".

Hemen kolektiboak idatzitako oharra:

"Elikadura gure biziraupenaren oinarria da; jan gabe, hil egiten gara. Eta halere zer garrantzi txikia ematen zaion gure egunerokotasunean, nahiko dugu sabela betetzearekin eta indarra jartzen dugu axaleko beste kontu batzuetan. Gure arreta, azken finean, gure existentziatik gero eta urrunago, ahazteraino zerk lotzen gaituen bizitzara: lurrak ematen dizkigun elikagaiak.

Sustraietatik urruntze prozesu horretan, elikaduraren arduradunok gero eta pisu gutxiago dugu jendartean, baserritar kopurutik hasita. Lehen sektoreari eman beharko litzaiokeen garrantzitik oso urrun gaude; bestelako agenteek lapurtu digute –itxuraz bada ere– genuen eta dugun ardura: jarraitzen dugu jatekoa egiten, baina janaria produktu bilakatzearekin batera gu pasatu gara agente horien azpikontratak izatera. Ikusezin bilakatu gara.

Baserritarrok gogora ekarri beharko genuke zerk/nork ematen digun bizia: lurra. Gogora ekarri beharko genuke gure ardura: herria benetan elikatzea –ez sabela betetze hutsa–. Bi elementu horien arteko orekan bizi behar. Lurra eta herriarekin konektatu berriz ere, esentziara etorri eta horren berri eman.

Bide horretan ahotsa azaltzen zaigu behin eta berriz. Pertsonon adierazlea da ahotsa, eta komunikaziorako tresna ezin indartsuagoa da. Ahotsak egiten gaitu munduaren aurrean, bere soiltasun eta indar guztiarekin. Munduan gure mundua jartzeko, margotzeko, ilustratzeko… gaitasuna du ahotsak. Horregatik nahi dugu ahotsa bakar-bakarrik, indartsu, unibertsoaren jabe egin dadin. Esentziara jo nahi dugu berriz ere.

Baserritarrok eta bertsolariok elkarrekin jarriko dizkiogu ahotsak biziari, munduan jarriko gaituzte ahotsok, ikusgarri egingo gara. Esentziara joko dugu: elikadura eta ahotsa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak