Eguenean bertan egingo dute lehen dantza saioa antzuolarrek. Udalbatzaren aurreskuarekin batera, Oinarin dantza taldeko txikienek ikurrin dantza egingo dute jaiak hasi bezain pronto.
Zapatuan, berriz, egingo dute saiorik luzeena. Alardearekin batera, eta urteroko tradizioari jarraituz. Hain zuzen, Alardeak plaza hartzean, trokeo dantzak eta Antzuolako zortzikoa dantzatuko dituzte Oinarin dantza taldeko kideek. Trokeo dantzak lau piezaz osatuta daudela azaldu du taldeko Ion Lizarazuk, eta bakoitzak bere une zehatza duela: "Alardeak plazatik gora egitean, makil txiki eta arku dantza dantzatzen ditugu. Plaza pasa ostean, beherantz joatean, zinta dantza egiten dugu, eta gero, behin Alardea plazara bueltatu eta eskopetariak bere postuetan jartzen direnean, makila handien dantza egiten dugu".
Bukatzeko, abesbatza plazara gerturatuko da, eta, abestutako doinuekin, Antzuolako zortzikoa dantzatuko dute. Duela urte batzuk, baziren mutilek soilik egindako edota neskei zuzendutako dantzak, baina, egun, ez da bereizketarik egiten.
Denetan herrikoiena
"Herritar askok parte hartzen duten ekitaldi bat izaten da larrain dantza", azaldu du Lizarazuk. Dantza "nahiko erraza" dela aitortu du, eta ez duela prestaketa handirik eskatzen; hain zuzen ere, faktore hori azpimarratu du hitzordua hain jendetsua izateko gako bezala. Horretaz gain, dantza ikasteko saioak egiten dituztela gaineratu du: "Entsegu irekiak egiten gabiltza; nahi duenak etortzea dauka. Datorren astean egingo dugu azkena, martitzenean, 19:00etan, eta herritarrak etortzera animatu nahiko genituzke".
'Festamentua' ikuskizuna
Ohiko dantzez gain, Tio Teronen Semeak taldeak emanaldia eskainiko du domekan, 18:30ean. Festamentua pieza eramango dute plazaraino, umorea, dantza eta antzerkia konbinatuz. Hileta baten nondik norakoak dantzatuko dituzte, bizi izatea egokitu zaien egoera gogorrari buelta eman nahian.