Nola hartu duzu zerrendaburu joatearen erronka?
Aurreko legealdian sozialisten ordezkari izateko aukeratu ninduten ilusio eta konpromiso berarekin. Lanean jarraitzeko gogo handiarekin eta Antzuola hobetzeko ekarpenak egiteko prest.
Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?
Ez horixe. Aurreko agintaldian bezala, Antzuolako alderdi sozialistako lagunek hautagaitzan lehenengo joateko proposatu zidaten egindako lanen analisia egin ostean, eta oso eskertuta nago taldearegan eta nigan jarri duten kondiantzarengatik.
Politika munduan eskarmentu handia daukazu. Antzuolaz gain, Eibarren ere zinegotzi izan zara. Desberdina da Antzuolan edo Eibarren zinegotzi izatea?
Kudeaketa bolumenari dagokionez eta dituzten dimentsioengatik, desberdintasunak oso agerikoak dira, batez ere egituretan; Antzuolak 2.000 herritar baino zertxobait gehiago dauzka eta Eibarrek 27.000 baino gehiago, beraz, behar desberdinak dauzkate, eta udalak egokituta egon behar dira herri bakoitzaren eta bertako bizilagunen arazoetara. Egitura munizipalak ez dauka zerikusirik, baina ez da hobea ezta txarragoa ere administrazio bata edo bestea. Desberdinak dira, eta ondorioz, dedikazioa eta gobernatzeko ala ez gobernatzeko erantzukizuna ere ez dira berdinak. Zerbaitetan zerikusirik baldin badaukate, konpromisoan eta ilusioan da, izan ere, azken batean bizilagunek behar antzekoak dituzte, irisgarritasuna nahi dute, zerbitzu onak, arreta...
Zein ekarpen egin diezaiokezu Antzuolari?
Udalean aurkezten diren arazoei ikuspegi aurrerakoi bat daukan erantzuna eskaini, beti egungo herria begiratuz, baina baita etorkizunerako prestatuz ere.
Zer gustatzen zaizu gehien Antzuolatik?
Herrien eta hirien gauzarik onena beti horitako jendea izaten da. Estetikari begiratuz, berriz, herria oso atsegina da, eraikuntza maitagarriak dauzka eta inguru menditsu zoragarri bat. Mendi horietatik ibilaldiak egiten ditut eta segituan Antzuolan zaude, edo Bergaran, Zumarraga ikusten duzu, Urretxu, Durangaldea, Elgeta... Oso polita, ikuspegi liluragarriekin.
Zein proiektu zehatz eramango zenuke aurrera alkate izango bazina?
Plan estrategikoa eramango nuke aurrera.
Zein hiru gauza egingo zenituzke?
Garrantzitsuena da herritar guztiendako lan egitea, bozkatu zaituen ala ez albo batera utzita, baina hainbat kontu daude... Hondakinak jasotzeko sistema berrikustea... Beharrezkoa da Eguneko Zentroaren handitzea eta hobetzea. Errekalde auzoak birgaitze integral bat behar du, barrualdeko plazaren hobekuntza bat, ziburuak, garbitasunaren hobekuntza bat... Antigua auzoko argiztapena ere hobetu behar da, futbol zelaiko aldagelen eta harmaila estalien birgaitze bat ere egin beharra dago...
Zein hiru neurri hartuko zenituzke herria hobetzeko?
Hiru eta bakarra dira, ikusi, entzun eta kasu egin. Laburbilduz, Antzuolako herritarrendako lan egitea.
Alkate izatearen gauzarik onena eta txarrena?
Onena kalean egindako politika aurrera eramatea da. Bizilagunengandik gertuen dagoen administrazioaren buru zara, eta ondorioz, beti saiatzen zara egunerokoan ikusten dituzun eta hitz egiten duzun herritarren bizitza hobetzen. Aurpegia daukaten herritarrekin, beste instituzio batzuetan baino harreman askoz zuzenagoa izaten duzu.
Alkate izatearen edo politikan jardutearen okerrena da oso zaila dela deskonektatzea eta ez dago ordutegi bereizturik bizitza publikorako eta pribaturako. Baina karguarekin bat dator hori. Kargu publiko baten ardura hartzen duzunean, eta gainera, arlo munizipalean, urteko 365 egunetako 24 ordutarako ardura hartzen duzu.
Baina hori da dagoena, baieztatu dezaket baita ere politika munizipala dela atsegingarriena, errealitateari gertuen dagoena eta baita bizilagunen beharrei ere.
Zer gustatzen zaizu egitea zure aisialdian?
Denbora gutxi izaten dut, baina maite ditudan pertsonekin egotea gustatzen zait, hondartzan paseatzea, zaldiak ere gustatzen zaizkit, arkitektura, aperitibo bat hartzea... Kirola egitea ere gustatzen zait deskonektatzeko balio izaten didalako, eta umetan egiten nuen bezala, orain ere tenisean jokatzen dut.
Bidaiatzea gustatzen zaizu? Leku gustukoren bat?
Bai, gustatzen zait bai... Hiriak bisitatzea gustatzen zait eta autoan egindakoak gustatzen zaizkit nahi duzun lekuan gelditzeko aukera ematen dutelako... Leku gustokoren batengatik galdetuta? Esango nizuke itsaso basati bat daukan edozein, Kantabriako kosta guztia; itsasoaren, mendien eta herri politen nahasketa hori gustatzen zait.
Erraz deskonektatzen duzu zure lan politikoetatik?
Ez, nahi baino gehiago kostatzen zait...
Ikusi zenituen espainiar hauteskundeetako debateak? Zer iruditu zaizkizu?
Ez dakit benetan zein puntutaraino balio izaten duten debateek herritarrei alderdi politikoetako proposamenei buruz informatzeko, izan ere, hizketan dabiltzanean hitza mozten dute eta guztiak baten kontrako erasoan bihurtzen da egoera. Uste dut lehenengo debatea naturalagoa izan zela eta bigarrena bideratuago zegoela alderdi batzuen estrategia aldaketei. Pedro Sanchez presidentea neurrian egon zen, partidu guztietakoen erasoak jasan behar izan zituen eta argi utzi zituen gobernuaren proposamen interesgarriak, agenda sozialari garrantzia emanaz.
Pozik zaude Espainiako hauteskundeetan lortu dituzuen emaitzekin?
PSOEk hauteskundeak irabazi ditu emaitza sendoekin. Euskadin bigarren alderdia gara. Nola ez naiz asebeteta egongo, jarraitu dezakegunean Espainiako gobernuan politika sozial aurrerakoiekin lanean, kolektibo ahulenei lagundutzeko, berdintasunean aurrera egiteko, garapen jasangarrirako, ingurumenarekin lotutako politiketan lan egiteko...
Senaturako hautagaietako bat zinen. Oraingo honetan ezin izan duzu lekua lortu. Zer espero duzu Senatuko zure alderdikideengandik?
Legealdi honetako Senatuko gauzarik onena da PSOEk lortu duela gehiengo osoa eta horrek galaraziko du Kongresutik datozen legeak eta iniziatibak blokeatzea. Badakit Bizkaiako eta Arabako alderdikideek, autonomiako senatariarekin batera lan egingo dutela Senatuan, horretatik benetako lurralde ganbera bat egiteko, eta uste dut euskal herritarren interesak ondo hartuak eta defendatuak izango direla.
Zure alderdiak, zertan lan egin dezake datozen lau urteetan?
PSOEk eta PSE-EEk lan egingo du Espainiagatik eta Euskadigatik herrialde eredua aldatzeko proposamen zehatzekin, bilatuz eta aurkituz akordioa eta oniritzia, eta agenda soziala lehenetsiko du beste edozein konturen gainetik. Politika aurrerakoiekin, inor ez uzteko albo batera.
Feministatzat duzu zure burua?
Noski. Ez dut emakume aurrerakoik eta sozialistarik ezagutzen, definizioz ez duena berdintasunean sinisten eta feminista ez denik.
Zer egin zenuen martxoaren 8an?
Berdintasuna aldarrikatzen jarraitu.
Eibarren Berdintasun zinegotzia izandakoa zara. Oraindik lan asko dago emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunera iristeko?
Bai. Asko aurreratu da, eta sozialiston nortasun ezaugarri bat da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egitea, bai lege aldetik, bai erabakiguneetan eta bai parte-hartze soziopolitikoan. Hala ere, benetako berdintasuna izateko bide luzea geratzen da.
Nola ikusten dituzu martxoaren 8an azkenaldian egin izan diren mobilizazioak?
Beharrezkoak dira, eta herritartarren eskubideak aldarrikatzeko erakusgarri.
Zer moduz gelditu da zuretzat Deskarga, lan berrien ostean?
Gorabehera handiak jasan dituen proiektua izan da, baina azkenean bukatu da eta benetan hobekuntza ikaragarriak ekarri ditu Antzuola bezalako herrietako trafikoa txikitu delako. Gure lurraldeko komunikazioa ere asko hobetu du.
Beharrezkoa ikusten duzu Bergarara arteko bidegorria bukatzea?
Mugikortasun jasangarria oinarri duen konektagarritasuna hobetzea den guztia ondo iruditzen zait eta errespetatu egin behar dira gobernu foralak hartzen dituen lehentasunak, agintaldirako daukan gobernu programaren barruan. Lehenago edo beranduago tokatuko zaio proiektu horri.
Nola zaude maiatzaren 26ko hauteskundeen aurrean?
Antzuolako bizilagunek euren udalean ordezkaritza sozialistaren beharra dutela aztertuko duten esperantzarekin. Badakigu lana dagoela egiteko eta sozialistok prest gaude proposamen posibilistak eta beharrezkoak egiteko Antzuolan bizi eta lan egiten duten horien alde. Azken lau urteotan irmotasun handiz egin dugu lan eta hitz eman dugu horretan jarraituko dugula, bozkatzaileek guregan konfidantza jartzen baldin badute. Sozialistok hitza ematen dugun pertsonak gara, konpromisoak hartzen ditugunak.