Uste dut ez zela zure hasierako asmoa zerrendaburu joatea. Nola hartu duzu erronka?
Badakit alkate ez naizela aterako, baina esperientzia badaukat udal jardunean eta nahiko nuke gutxienez laugarren zinegotzia lortzea; zerrendan laugarren Iñigo Ramirez de Okariz doa eta uste dut herriari ekarpen handia egin diezaiokeela. Oraingo honetan ere bigarrena eta hirugarrena kanpotik ekarri behar izan ditugu; bata, Aitor Urrutia, eta bestea Miren Elgarresta. Horrela daude gauzak. Dena den, orokorrean hartuta gure zerrenda kategoriakoa dela esango nuke; esperientzia handikoak gara, nahiz eta askotan jendeak eskatzen duen beste aurpegi batzuk ere sartzea.
Etxean zer esan dizute emazteak eta bi alabek?
Orokorrean ez zaie gustatu ni zerrendaburu joatea, emazteari batez ere ez zaio gustatzen ni horrenbeste irtetzea medioetan. Baina gure ama, berriz, halako kontuetan asko sartuta egoten zen eta hura behintzat pozik egongo litzateke. Jendea ez da inplikatzen, baina kontrara erraz hitz egiten du.
Aita Zumarragakoa zenuen, ama oñatiarra. Oñati ere asko maite duzu?
Bai, asko. Orain dela bi urtera arte astero joaten ginen. Azken bi urteetan behintzat hiru egun hauetan joaten gara Oñatira: Errege egunean, Korpus egunean eta Errosaixo egunean.
Emaztea, berriz, lazkaotarra daukazu. Nongo euskalkia daukazula esango zenuke?
Gaur egun EGA deritzona ateratzera joan nintzenean ere galdera bera egin zidaten eta hau erantzun nion: jaio Zumarragan egin nintzen, bi urterekin Antzuolara ekarri ninduten, hamar urterekin Oñatira, hamazazpi urterekin Donostiara, han bost urtez ikasketak egiten egon ostean Madrilen urtebete egon nintzen, gero beste urtebete Gasteizen eta andregaia Lazkaokoa daukat. Aita Zumarragakoa, ama Oñatikoa, beraz, pentsa nire euskalkia nongoa den, nahasketa galanta!
Zein da Antzuolako zure txoko gustukoena?
Obsesio berezi bat daukat San Joserekin. Gaztelu moduko bat dago bidetxo batekin, eta nire lehenengo legealdian, duela hogei urte inguru, azterketa bat egin genuen hari buelta bat emateko, eta niri gustatuko litzaidake inguru hori txukuntzeko baliabideak jartzea, jendea bertara joan dadin. Baina bestela ez daukat txoko gustukoenik. Zergatik? Antzuola azken 25 urteetan asko aldatu delako, eta gainera, sentitzen dut parte hartu dudala eraldaketa horretan. Herri honetan gainera, EAJ-k egin du lan: Sagastiko lanak, erreka, Torresoroa... Besteek –EH Bilduk–bizpahiru gauza besterik ez dituzte egin; patio bat, futbol zelaia eta 130.000 mila euroko ur-uhinen parkea. Esan beharra dago ur-uhinen parkearekin lekua balorean jarri dutela, lehen txakur kakak besterik egoten ez zirelako bertan, baina besterik ez da egin.
Alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu, ze proiektu zehatz egin nahiko zenituzke?
Ez da erraza erantzuten. Baina etorkizunari aurre egiteko hirigintzako plan orokor berri bat egitea proposatuko nuke. Antzuolako errepideak asko aldatu dira Deskargako obrekin, eta hirigintzari dagokionez, Sagasti ibilbidea Antiguaraino luzatzea aztertuko nuke. Karabanentzako leku aproposa bilatzea ere nahiko nuke, Sagastin bertan daukagun beste arazo bat delako, asko pilatzen baitira bertan.
Pozik gelditu zara Deskargako lanen emaitzarekin?
Oso pozik eta gainera uste dut hipokrita ez den jendea ere gustura gelditu dela. Herriko bizi kalitatean igarriko da. Jendeak kritika moduan esaten du ez dugula proposatu irtenbiderik, baina nik galdetzen diedana da zein izan zitekeen irtenbidea. Gero, ez dakit zer gertatuko den bidesariaren kontuarekin, baina uste dut kamioiei bakarrik jarriko dietela. Izan ere, pasatzen dena da politikariek ezin dutela esan bidesaria jarriko den ala ez, konpromiso bat zegoelako idatzita bankuekin, hori bidesaridun autopista izan zedin. Baina nik uste dut nola beste autopistak nahiko ondo doazen, honi ez diotela jarriko bidesaririk autoendako, kamioendako, berriz, bai.
Bergara arteko bidegorria osatzearen beharra ikusten duzu?
Bai, baina hor ere gertatzen dena da lehen bazegoela bidegorria ez zen bide bat zegoela eta guk baldintza moduan jarri genuen hor bidegorri bat egiteko. Aintzane Oiarbidek esan zuen puntu bateraino egin ahal izango zela. Gero badago plan bat Bergarakoekin egiteko, Antzuolako mugaraino iristeko. Eta gainera, guk eskatu genion hori eta aprobetxatzeko bidegorria egiterakoan, azpitik tubo bat sartzeko ur zikinendako. Izan ere, Antzuolako ur zikinak Ariztin, Matzerreka parean, errekara ateratzen dira eta uda partean usaina izaten da. Egia da Antzuola izan zela aintzindaria kanalizazioa egiten, baina azkena izango da ur zikinak estolderira bideratzen. Hori egitea espero dut. Bidegorriarekin jarraituta, orain oinez joan zaitezke Antzuolatik Bergarara, arriskurik ez dago. Eta bidegorri horrez gain,
beste bat egiteko beharra ere ikusten dut; Errekaldetik gora Basalde auzoruntz. San Blas ermita inguru horretako jendearendako eskatu behar dugu oinezkoendako bide bat.
Alkate irtengo bazina, zein hiru gauza egingo zenituzke?
Badago zer aldatu Antzuolan eta egingo nukeen lehenengo gauza da bukatu, azken urtean amaitu ez dutena: Torresoroa. Iazko ekainaren 3ko ur handien ondorioz kaltetutakoa ez da konpondu. Hamaika hilabete pasa dira eta oraindik ez digute esan obretan zergatik ez diren hasi. Beraz, lehenengo egingo nukeena da aurretik egondakoak egin ez dituztenak aztertu.
Beste kontu batekin obsesionatuta nago: garbitasunarekin. Esaterako, presoen kontuak ez du esan nahi herria zikin egon behar denik, nik ere nahi dut lehenbailehen etor daitezela eta pakea izan dezagula, baina orain dela lau urte jarri zuten preso gaixoen kartelak plastikoekin eta hor jarraitzen dute. Pintadak ere ez dira kentzen... Araudi bat ere egingo nuke kartelak jartzeko eta kentzeko. Ezin dena egin da erori arte han utzi.
Ekonomia aldetik, Antzuolak industrigunea behar du, enpresa txikiei erantzungo diena. Negozio txikien galerari erantzuteko berriak irekiko dituztenei laguntza plana proposatzen dugu. Baserrietara ura bideratzeko plana amaitu eta lehen sektoreko ekintzaileei lagunduko diegu eta landa eremuko IBIaren errekargua kenduko.
Herriko kultur jarduera ere biziberritu nahiko nuke baliabide gehiago jarriz kultura sortzailerako, adin guztietarako egitarauak eskainiz, Olaran eta Torresoroari probetxua ateraz eta kultura eta euskara aldetuk Antzuola sustatu.
Kirolari dagokionez ere berdin, gimnasioa itxita daukagu eta badakit ez dela erraza martxan jartzea, baina zerbait egin beharra dago, diru gehiago ipini beharko da, baina martxan jarri beharra dago.
Gaztetxearen kontua ere hor dago; berriz irekitzeko eztabaida sustatuko dugu, erabilpen baldintzak hitzartuz.
Alkate izatearen gauzarik onena eta txarrena?
Ona dauka zurea denaren sentsazioa dakarrela; herrian guk aurrera eramandako proiektu ugari daudelako eta satisfazioa ematen du horrek, erabaki horietan nik parte hartu dudalako. Okerrena, berriz, beti bateren batekin haserretu behar zarela, beti norbait etorriko zaizu eskatzen zerbait eta erantzun beharra egoten da ezin izango dela arrazoi honengatik eta horrengatik.
Zein zaletasun dituzu?
Pilotan ibilitakoa naiz, bizikletan ibiltzea ere asko gustatzen zait, egun elektrikoa daukat eta aurre-erretiroa hartu nuenean, uste nuen bizikletan gehiago ibiliko nintzela, baina emazteak oraindik lanean jarraitzen du eta ez dut horretarako astirik hartzen. Egunero bazkaria prestatzen dut. Etxea ere nik eramaten dut, ortua ere badaukat. Orain bilobatxo bat ere badaukat. Parrokiako diruzaina ere banaiz eta azken bost urteetan Aita Mennira joaten naiz asatelehenero boluntario moduan.