Asko kosta zitzaizun berriro aurkezteko erabakia hartzea?
Ez. Batetik, errematatu barik geneuzkan gauza batzuk bukatu behar genituela iruditzen zitzaidan, ikastetxeko obra martxan jartzea, gimnasioa berriro irekitzea edo autobideko obrarekin zer ikusia daukaten proiektuak bideratzea, adibidez. Bestetik, taldera etorri den jende berriari babesa eta laguntza ematea ere garrantzitsua da niretako. Horrek, jakina, pertsonak jarraitzea eskatzen du, eta, zorionez, gure taldeko zazpi zinegotzietatik hiruk jarraitzea erabaki dugu.
Zer da Antzuolatik gehien gustatzen zaizuna? Eta zein herriko txoko gustukoena?
Herriko gauza asko ditut gustuko, baina bat aipatu behar badut, esango nuke Antzuola pertsonen arteko harremanetan oinarritutako herri bat dela. Hau da, kezkatu egiten gara ingurukoen egoeraz, eta horrek bihurtzen gaitu solidario eta egiten gaitu herri. Hortik datoz borondatezko-lanak, elkartasun-ekimenak, uholdeen aurrean batera lanean jartzea, auzoetako jaiei eustea, auzolana, kirol-probak antolatzea, elkarteak bizirik egotea… Balio bat da hori, eta zaindu beharrekoa, azkenaldian badirudi apur bat galtzen ari dela-eta. Txoko gustukoak, berriz, asko, bai herrian eta baita geure mendietan ere. Bat esatekotan, bietatik nahasten duen bat esango nuke: Mendigorri gaineko bankutik dagoen herriaren ikuspegia. Hori bai, autobideko lanek zein AHTkoek modu bortitzean eraldatu dute.
Ze proiektu zehatz egin nahiko zenuke herrian berriro alkate izango bazina?
Proiektu zehatzak? Bat baino gehiago: bidegorriak ondoko herriekin lotzea eta Basalderako oinezko konexioa lortzea, adibidez, eta seguru nago lortuko dugula. Obra handiak bukatzen direnean, errekan bainurako gune txukun bat prestatzea ere ederra izango litzateke, Antzuolako eskolan daukagun hezkuntza-sistemarentzat behin-betirako egonkortasuna lotzea ere bai, nolabaiteko autonomia energetikoa lortzeko proiektu bat badugu… baina, batez ere, Antzuola desberdintasun handirik gabeko antzuolarrez osatutako herri bat izatea nahiko nuke. Hain zuzen ere, ondorengo lau urteetan gai hori berariaz jorratu nahi dugu, herritar denen ongizateari begirako neurri zehatzak hartuta.
Zure herrian zure agintaldian egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?
Gauza asko izan dira: udalaren egoera ekonomikoa orekatu dugu, gerora beste hainbat tokitarako eredu izan den ur-parke bat egin dugu, benetako komun publikoak dauzkagu orain, oinezkoen aldeko neurriak hartu ditugu, lehen sektorea lagundu dugu, kirol-ekimen berri arrakastatsuak bultzatu ditugu, aurrera begirako plan bat adostu dugu, gizarte zerbitzuetako zergak izoztu ditugu, kultur- eta kirol-taldeekin hitzarmenak sinatu ditugu… bat? Larrialdi-laguntzak laukoztu izana, Elgeta eta Gatzagarekin batera.
Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?
Herri txikia dela, industrian oinarritutakoa, baina oraindik baserri-munduarekin loturarik galdu ez duena, euskalduna, feminista, harremanetarako egokia, abegitsua datorrenarekin, azpiegitura handien eragina nabarmen sentitzen duena, nortasunduna, eta antzuolar izateaz harro dauden pertsonez osatua.
Zure herria hobetzeko 3 neurri?
Bat esanda dago: ongizatea helburu eta giltzarri Udalaren zerga-politikaren bidez. Bigarrena: herriko plan orokor ona egitea, herritarren parte hartzearekin. Eta hiru: elkarlan-foro bat sortzea herriko eragile ekonomiko eta sozialen artean, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideiak lantzeko.
Alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Erantzun bakarra, jendearekiko gertutasuna, esango nuke. Eta horrek alde biak biltzen ditu.
Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Niri, berez, bizikletan ibiltzea gustatzen zait baina horrek, besteak beste, denbora eskatzen du. Eta alkateok ez daukagu denbora soberakin handirik. Hortaz, aspaldi ez dut bizikleta hartu. Orain, Behobiarako zalantzarekin nabil, korrika egitea errazagoa da-eta. Baina ibili, kuadrillarekin ibiltzen naiz asteburuetan, kalean, taberna-jiran.
Nola deskonektatzen du alkateak? Posible da? Ala alkate 24 orduak zara?
Herrian geratuz gero, ezinezkoa da; eta, kanpora joanda, zaila; telefono mugikorrak ere ez du asko laguntzen. Telefonoa deskonektatzea posible da, baina, askotan norberak ezin izaten du deskonektatu.
Feministatzat duzu zure burua? Ze egin zenuen martxoaren 8an?
Bai, desberdintasunik gabeko gizarte batean sinisten dut. Gizon edo emakume izan, aberats edo pobre, zuri edo beltz… horrek ez luke inoren bizia hobea edo txarragoa bihurtu behar. Martxoaren 08an, greba-lana egin nuen, kontzentrazioan egon nintzen, manifestazioan… eta etxeko lanak ere egin nituen, baina hori ez da egun bakarreko kontua, gure etxean lana banatzen saiatzen gara.
Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturraren gorakada… Zer iruditzen zaizu?
Zorionez Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian argazkia beste bat da. Hala ere, uste dut zerbait gaizki egiten ari garela, ematen du ez dugula transmititzen jakin Franco eta frankismoa zer izan ziren. Francok estatu-kolpe bat eman zuen, herriak aukeratutako gobernu bat lehertu zuen, gerra bat hasi zuen, milioika hildako eragin zituen, eta 40 urteko beldurraren diktadura bat ezarri zuen. Hura hil eta 40 urtera, frankismoak hor dirau, bizirik, diktaduran sistema osoa bereganatu zuelako. VOX-ez ari da jendea, baina PPk berak ere ez du sekula frankismoa salatu nahi izan, oinarrian gauza bera direlako, eta urteak daramatza demokraziaren trajea jantzita.