Naturaren eta herriko kulturaren hazia ereinez

Maider Arregi 2019ko api. 17a, 08:00
Ezkerretik hasita: T. Larrea, F. Iriondo, G. Legorburu, J.I. Jauregi eta S. Agirreurreta, Urbiako 1974ko kanpaldian.

Alderdi pedagogikoa eta kulturala, mendiarekin eta Antzuolako inguruarekin uztartzen jarraituko du aurtengo jardueran Arrola Mendizale Elkarteak. Batzar orokorrean hausnartu dute bazkide ugari diren arren, parte hartzea ez dela horren isla.

Batzar orokorra egin berri du Arrola Mendizale Elkarteak. Balorazioa egiteaz gain, batzorde berria ere osatu dute: Arantza Sukia, Aitziber Lizarralde, Ugaitz Iturbe, Josu Agirre, Iñigo Ramirez de Okariz, Luis Franko, Josu Toledo eta Loli Jauregik osatuko dute. Egun, elkarteak 378 bazkide dituen arren irteeretan ez dela horren isla sumatzen diote: "Balorazioa ona bada ere, –irteeretan eta auzo lanetan jendeak parte-hartu duelako–, ez du islatzen Arrolak duen federatu eta bazkide kopurua, inolaz ere ez. Irteeretan jende asistentzia txikia da", azaldu dute.

Izan ere, sasoi batean, mendi elkarteak gizarte eta aisialdi eskakizun bati erantzuten saiatu zirela diote; eta egun, aldiz, gizarte aldaketa nabarmenak medio, belaunaldi berrien nahiz zaharren kirol (mendi) ohituretan aldaketak eman direla gaineratu dute. "Herrian bertan guraso nahiz seme-alaben kirola futbolean oso zentratuta dago; oso zaila da horrekin mendi elkarte batek lehiatzea. Are gehiago gu bezalako mendi elkarte txikiak –nahiz eta ohikoak ez diren ekintzak egiten saiatu.

Auzolana eta ingurua ardatz Herriko natura ondarean jarri gura du Arrolak fokua: "Konturatzen gara geure hurbileko inguruaz gutxi dakigula; are gutxiago belaunaldi berriek. Beraz, hilean behin (edo bi astean behin) udalerrian zehar familiei nahiz herritar orori zuzenduriko irteera desberdinak antolatuko ditugu alderdi naturalari eta kulturalari arreta ipiniz. Bide batez galtzear dauden iturriak, bideak... berreskuratu nahi ditugu auzo lanean. Aldi berean gure toponimoak berreskuratzeari ere ekin nahi diogu".

Izan ere, asmoa litzateke, ingurua seinalatzea Udalak kaleratutako toponimia arauak eta mapa erabiliz. Inguruko mendi ibilerak gehiago bultzatzea ere gura dute. Eta ume eta helduentzat egun erdiko eta egun osoko ibilbideak sustatu. "Mendi ibileretan alderdi pedagogikoa landu gura dugu parke naturalen, interpretazio zentroen edo museoen bisitak sustatuz. Kontzientziazio, sentsibilizazio kanpainak egin gura ditugu". Dibulgazioa ere landuko dute eta Mendi Astea baliatuko dute horretarako.

Gorbeiara irteera

Hilaren 28an, Gorbeiara eta Mairulegorretako kobazulora egingo du irteera Arrolak. Egun guztirako irteera izango da eta linterna eramatea komenigarria dela ohartarazi dute. Irteera, 08:00retan Torresoroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak