"Aurten pilotu moduan probatu nahiko nuke"

Amaia Zabala 2019ko ots. 17a, 10:00
Alaitz Urkiola, Espainiako lur gaineko Nafarroako rallyan.

Txikitatik maite izan du motor mundua eta berehala hasi zen kopilotu lanetan. Bi urtez jarraian Euskal Herriko rally txapelketa irabazi du Aingeru Castrorekin batera.

2018a urte borobila izan da kirolariarentzat eta herritarrek merezitako aitorpena eman nahi izan diote, Antzuola Herria saria jasotzeko bozkatuena izan baita.

Debagoieneko Kirol Sarien Antzuo-la Herria saria irabazi berri duzu, herritarrek bozkatua izanda gainera; pozgarria, ezta?

Ez neukan esperantza handirik, ez baita oso kirol ezaguna herrian, eta ilusio handia egin dit herritarren babesa jasotzeak. Eskerrak eman nahi dizkiet bozkatu nauten antzuolar guztiei.

Sari honetaz aparte, antzuolarren babesa sentitu izan duzu zure ibilbidean zehar?

Bai; beti dago herrikoren bat lasterketetara joaten dena, ez hemengoetara soilik, kanpokoetan lehiatzen naizenean ere beti agertzen da herrikoren bat animatzera, eta oso pozgarria da.

Zuk zeuk esan duzu Antzuolan ez dela oso ohiko kirola; nolatan eta zerk bultzatuta hasi zinen?

Txiki-txikitatik, gurasoek bultzatu ninduten motor mundu honetara; 5 urterekin, esaterako, motor bat oparitu zidaten. Gainera, nire osaba ere auto lasterketetan lehiatzen zen eta haurra nintzenetik joan naiz lasterketetara. Eta horrela, azkenean, ni hasi nintzen.

2018a sekulako urte borobila izan duzu kirolari bezala, Aingeru Castro pilotuarekin batera hainbat txapelketa irabazi baitituzu. Zein laburpen egingo zenuke?

Oso urte pozgarria izan da guretzat, Euskadiko rally txapeldun izatea lortu dugu bigarren aldiz, 2017an ere txapeldunak izan baikinen. Rallysprint modalitatean, berriz, txapeldun izatear geunden, baina lasterketa batean autoa matxuratu zitzaigun eta, azkenean, ez genuen irabazi. Baina, bestela, oso pozik, gai ikusi baitugu gure burua bi modalitatetako txapelketak irabazteko. Eta urtea borobiltzeko, herriaren partetik horrelako errekonozimendua jasotzea ere oso pozgarria izan da.

Euskal Herriko rally txapelketan bi aldiz izan zarete irabazle, 2017an eta 2018an; zer da hori kopilotu batentzat?

2015ean ere izan nintzen txapeldun, baina rallysprint modalitatean eta azken bi urte hauetan Euskal Herriko rally txapeldun izatea kopilotu batentzako oso garrantzitsua da.

Entrenamenduei dagokienez, nola moldatzen zarete? Ez da erraza izango...

Ezin gara entrenatu; orduan, lasterketa egin baino aste bat lehenago, proba izango den tramua ikustera joaten gara, ea nolakoa izango den jakiteko. Pilotua notak esaten joaten da eta kopilotuak apuntatu egiten ditu, lasterketa egunean tramu hori nolakoa den esan ahal izateko. Horretaz aparte, aurten, hemendik kanpo, Espainiako Txapelketa ere lehiatu dut, eta beste hainbat lasterketa solte ere bai. Eta horiek bai eskatzen dizutela inplikazio eta denbora handiagoa, araudia bera ere ezberdina baita.

Txapelketetan kopilotuaren eta pilotuaren artean dagoen koordinazioa honelako emaitza onak lortzeko klabeetako bat da?

Bai koordinazioa eta baita konfiantza ere. Pilotuak nik diodanarekin fidatu behar du itsu-itsuan; bestela, denborak ez dira irteten. Bera igaro da bide horretatik, baina ez daki zehazki bihurgunea nolakoa den, eta nik ematen dizkiot pauta guztiak.

Kopilotu ibili zara beti; inoiz pentsatu duzu pilotu bezala hasteko pausoa ematea?

Orain arte beti kopilotu moduan ibili naiz, baina aurten lasterketa bat edo beste pilotu moduan egitea gustatuko litzaidake.

Salto hau emateaz gain, 2019ari begira ze aurreikuspen dituzu?

2018an bezala, rallysprintak eta rallyak, bi modalitateetan lehia-tzea gustatuko litzaidake, eta ea biak irabazten ditugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak