Antzuola "paradisu" gisa bizi duen artista

Maider Arregi 2019ko ots. 16a, 09:00

Claudia Larrauri, Clotilde ezizenez ezaguna den artista mexikarra, duela hiru urte etorri zen Antzuolara. Artearekiko grina piztu zaio berriro, eta orain, diziplina eta teknika ugari batzen dituen erakusketa jarri du ikusgai Aitz Garbi tabernan.

Antzuolan topatu du Claudia Larrauri Clotilde artista mexikarrak bere paradisua. Bizitzan zehar artea izan du pizgarri eta tarte batez barruan isilik eduki duela kontatu du. Hala ere, barruan daramana azaleratu gura izan du eta berriro artea egitera itzuli da. "Urteak neraman ekoizpenik egin gabe. Aitz Garbiko Juenak bultzatu ninduen berriro barruan sentitzen nuena ateratzera eta artelanak egitera. Berari esker animatu naiz lantxo batzuk egitera eta erakusketa hau zabaltzera. Antzuola paradisua da niretzako". Beti artez inguratua egon da eta bere goitizenak halaxe adierazten du: "Joaquin Sorolla artistaren musa eta emaztea zen Clotilde. Hortik hartu dut nire goitizena ere". Artista mexikarrak GOIENAri aitortu dio oso gustura sentitzen dela Antzuolan. "Lagun talde zoragarriarekin elkartu naiz eta ahal dudala esan didate behin eta berrio. Jende atseginarekin topo egin dut eta oso gustura sentitzen naiz, babestua".

Askotariko teknikak

Batik eta collage teknikak dira haren lanetan nagusi. Oso lan koloretsua da, baina guztiek mezu sakona daramate. "Brodatuak ere oso presente daude nire lanean; tradizio handia dauka Mexikoko kulturan. Collagea, batik-a eta brodatua egiten 40 urte inguru daramatzat. Nire lanetan gordintasuna islatzen dut. Gai sozialak dira nagusi eta nire herrialdearekin lotuta daude: desagerpenak, feminizidioak, immigrazioa... ni zortekoa naiz, baina immigrazioaren bakardadea eta samina islatzea gustuko dut. Batik-a eta broda-tua ohikoagoa da nigan; alaiagoak eta koloretsuagoak dira". Artista mexikarrarendako, sentitzeko eta espresatzeko bidea da artea. "Lanaren zati handi bat Mexikon daukat; nire bizitzako zati garrantzitsua da. Baina zoriontsu naiz, nire eta nire senarraren hautua izan baita immigrazioa", nabarmendu du Clotilde-k. Mezuz eta bizipenez beteriko hamabi bat artelan koloretsu ikusgai izango dira otsail osoan zehar Aitz Garbin. Artistaren lan gehiago daude ikusgai atelierdeclotilde.artelista.com webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak