"Antzuolak historia modernoan zehar larru langintzarekin harreman eta tradizio handia izan du, ekonomiaren ardatz nagusi izan delako bi mendez. Hala ere, eta industriaren eboluzioarekin batera, desagertzen joan da langintza hori, eta gaur egun jarduera horrekin loturiko gehiena galdu edota desagertuta dago. Gehiena, izan ere, biltze lan bat eta langintzarekin zerikusia duten ekimen ugari egin dira herrian eta ondarearen zati bat herrian dugu oraindik", azaldu du Usoa Agirre Kultura zinegotziak.
Ondarearen transmisioa
Antzuolarron ondarea dela larru langintza azpimarratu du Udalak. "Antzuolar asko aritu zen lantegietan lanean eta gure herria izan zenaren historia hurbila dugu. Dena dela, garai hura bizi izan zutenak geroz eta gutxiago ditugu gure artean eta datozen belaunaldiek jakin ere ez dute egingo Antzuolako industria oparo haren berri. Hor ditugu Zurrategi plaza eta Zurratzailearen eskultura, adibidez. Baina zergatik izen hori? Zergatik eskultura hori? Galdera horiek erantzunik gabe geratu ez daitezen gure ondarea zaindu eta erakusteko lana egin behar dugu".
Hausnarketa saioa
Baina, zer egin larru langintzaren ondarearekin? Zer egin dezakete antzuolarrek larru langintzaren ondarea balioan jarri eta herritarrei erakusteko? Galdera horiei erantzun nahirik hausnarketa-saio bat egingo da otsailaren 16an, zapatua, 09:30etik 12:30era Olaranen.
"Hausnarketa-saio hori ahalik eta anitzena izatea nahi dugu. Horregatik, elkarte eta esparru ezberdinetako herritarrak gonbidatu nahi ditugu saiora, ahalik eta proposamen anitz eta emankorrenak izan daitezen".
Ahotsak proiektuak gaiaz, zenbait elkarrizketa interesgarri jasoak ditu.