Emakumeek greba eginez gero, herria geldi

Maider Arregi 2019ko urt. 19a, 08:00
Iazko elkarretaratzean, Herriko Plaza more kolorez jantzita.

Emakumeek greba egin eta geratuz gero herria bera ere geratu egingo litzatekeela azaleratu gura du Martxoaren 8ko greba antolatzen diharduen emakume taldeak. Informazioa zabaltzeko asmoz, gutunak banatu dituzte Antzuolako ordezkarien artean.

Martxoaren 8aren baitan greba antolatzeko lanean dihardu sortu berri den Antzuolako emakume plataformak. Dagoeneko lehen batzarrak egiteko elkartu dira, eta, talde eragileak azaldu duenez, orain, helburua da antzuolarrei grebaren gaineko informazioa eskaintzea: "Martxoaren 8ko emakumeon greba orokorraren planteamendua eginda dago; hori aurreikusita, gure asmoa da gure herriko dendariekin, lantokietako eta langileen ordezkariekin, hezkuntza arloarekin eta guraso elkarteekin, besteak beste, harremanetan jartzea. Zertarako? Bada, grebaren gaineko informazioa emateko, hain justu ere". Emakume taldeak, baina, bakoitzaren esku utzi gura du erabakia; bakoitzak bere ondorioak ateratzea sustatzea, alegia: "Informazioa banatu ondoren, baina, greba egin edo ez erabakitzea euren esku utziko dugu; antzuolarrena izango da erabakia; guk hausnarketa egitera gonbidatu gura ditugu soilik herriko emakumeak". Emakumeak geratuz gero, hau da, greba eginez gero, herria ere geratu egingo litzatekeela bistaratu gura dute: "Bai zaintzaren esparrua, bai enpleguarena edo kontsumoarena ere gelditu egingo litzatekeela nabarmendu gura dugu. Herriko dendak, adibidez, emakumeen sektore dira. Horiek greba eginez gero, zer gertatuko litzateke? Hori irudikatu gura dugu Antzuolan".

Gutuna eragileei

Asteon, gutunak bidali dizkiete aipatutako herriko ordezkari eta eragileei, lehenbailehen harremanetan jartzeko. "Gutunaren erantzuna, atxikimendua, zein izango den jakitean, lehentasunak markatuko ditugu elkarrekin", azaldu dute.

Emakumeen soldatak

Emakumeek askoz ere gutxiago irabazten dutela ere salatu gura dute: "Soldaten esparruan, arrakala handia dago. Ia %30ekoa da arrakala hori. Sektore ezberdinei hausnarketa eskatu gura diegu honen gainean. Eta gutunean hori ere adierazi dugu".

Batzarra urtarrilaren 25ean

Herriko adin eta belaunaldi guztietako emakumeen bilgune zabala lortu gura dutela azaldu dute plataformako kideek. Batzarra hilaren 25ean, egubakoitza, egingo dute, Olarango ekintza aretoan, 17:15ean hasita. "Gizonezkoek euren hausnarketa egin beharko dute, eta euren erabaki propioak hartu. Nola konprometitu gai honekin eta zein konpromiso hartu, euren erabakia izan behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak