Torresoroa, gimnasioa eta gaztetxokoa Udalaren jabetzara pasako dira

Maider Arregi 2019ko urt. 3a, 14:17

Antzuolako Udal Etxegintza S.A. enpresa (AUE) desegitea onartu dute abenduaren 27ko ez ohiko osoko bilkuran EH Bilduren aldeko sei botorekin. EAJko bi zinegotzik eta PSE-EEko zinegotzia, aldiz, abstenitu egin dira. Hala, Torresoroa, gimnasioa eta gaztetxokoa Udalaren jabetza izatera pasako dira.

Enpresa desegitearen erabaki honek, beraz, Torresoroa, gimnasioa eta gaztetxokoa Antzuolako Udalaren jabetza izatera ahalbideratzen du. "AUEk bere ondasun guztiak saltzen dizkio Udalari, eta salmenta-transmisio hori egiteagatik, Udalak Gipuzkoako Aldundiari ondasunen balioaren BEZa ordaindu behar dio. Kasu honetan Udalak bereganatzen ditu AUEren izenean zeuden hiru eraikinak: gimnasioa, gaztetxokoa, eta Torresoroa", argitu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak. Eta, hiru erakinen BEZa, %21a, borobilduta 264.000 euro inguru dira. "Gaztetxokoaren eta gimnasioaren balioa 312.000 euro ingurukoa da ; Torresoroakoa, berriz, 948.000 eurokoa. Bien batura, beraz, 1.260.000 euro borobilduta dira. Kopuru horren % 21, BEZa, da ordaindu behar dioena Udalak Aldundiari: 264.000 euro", azaldu du Beñardo Kortabarriak. Eraikinen balorazioa, tasatzaile independenteek egin dutela gaineratu du alkateak. Horrek baina, bere denbora behar izan duela esan du. Ondoren Aldundira bidali zuten-eta tasazioa adostasuna edukitzeko. "Gauzak nola egin erabakitzeko uneoro Aldundiko Ogasun Sailaren laguntza eta aholkularitza izan dugu, eta euren adostasunarekin egin da ondasunen transmisioa. Horrek prozesua luzatu du, baina segurtasuna eman ere bai, dena legez eta txukun egotearen bermea eman digulako".

Torresoroako lanak

Torresoroaren balioa jaitsi egin da uholdeen ondorioz. "Eraikina dagoen egoeran dagoelako eta gaur egun balioa txikiagoa duelako erabaki dugu operazio hau egitea", aitortu du Kortabarriak. "Horregatik bai, baina baita gauzak garbi uzteagatik ere (bakoitza bere jabetzekin) EH Bilduk oso egoki ikusten du operazio hau orain egitea. Gainera, urtero AUEri Eraikinen Alokairua izeneko kontzeptuan ordaintzen zitzaion kopuru hori ordaintzeari ere utziko diogu. Diru hori aurrekontuetako gauza arruntetan erabili ahal izango da modu horretan". Egoera honetan, Torresoroako lanen lizitazioa berme legal guztiekin egiteko moduan dagoela Udala gaineratu du alkateak eta maiatzerako irekita egoteko helburua ere badutela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak