Olentzerok eta Mari Domingik magiaz beteko dute herriko plaza

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko abe. 21a, 10:00

2017ko irudia: Olentzero eta Mari Domingi plazan.

Ekintzaz beteriko egunak izango dira Gabonetakoak. Bai kultura arloan eta baita kirol arloan ere egutegian gorriz markatu beharreko egunak datoz. Batez ere, etxeko txikienei begira antolatutako ekintzak dira. Domekan, esaterako, txotxongilo saioa izango dute.

Rosa Martinez getxoztarrak bere azken lana aurkeztuko du: Nahia eta Neo. 3 urtetik gorakoendako ikuskizuna da, eta Nahia neskatoak Neo estralurtarrarekin duen bizipena kontatzen du.

Olentzeroren eta Mari Domingiren mezua

Abenduaren 24an, astelehena, magiak beteko du Antzuolako plaza. 11:00etan, Errekaldetik irtenda, eskolako umeek eta gurasoek kalejira egingo dute. 18:30ean, aldiz, Olentzeroren eta Mari Domingiren txanda izango da. San Josetik irtengo dira, eta, betiko moduan, lastargien laguntza izango dute menditik jaisteko. Plazan elkartuko dira denak, eta herriko plazak agertoki itxura hartuko du. "Magia berezia izaten duen ekitaldia da. Argiak itzali egingo dira eta plazak agertoki itxura hartuko du, antzezlan bat izango balitz moduan", azaldu du Jone Larrañagak, Kultura teknikariak. Dantzarien, txistularien, bertsolarien... laguntza izango dute Olentzerok eta Mari Domingik.

Aurtengo berrikuntza izango da haur parkea bi egunetan jarriko dutela. "Abenduaren 27an eta urtarrilaren 2an izango dira", dio Larrañagak.

'Patxiku Txerren'

Urtarrilaren 4an, 17:30ean, Olaran etxean Patxiku Txerren literatura lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute, Apika taldearen laguntzarekin. Patxiku Txerren Antero Apaolazak idatzitako liburua da. Apaolaza Urretxun jaioa zen (1845-1980), baina Antzuolan bizi izan zen bere bizitzako azken 17 urteetan. Patxiku Txerren 1980ean argitaratu zuen, eta Antonio Truebak idatzitako El Judas de la casa obraren euskarazko egokitzapena da; Antzuolako Basalde auzoan kokatu zuen Anterok istorioa.

Kirol hitzorduak

Urtea Arrola mendira igoaz hasiko dute antzuolar askok; hala, salda eta txorizoa izango dute han. Abenduaren 26an, San Esteban krosa egingo dute: 188 lagunek eman dute dagoeneko izena lasterketan.

Debagoieneko Gabon Kopako hainbat pilota partidu Antzuolan jokatuko dituzte –Arrasate da antolatzailea aurten–: abenduaren 26tik abenduaren 30era bitartean alebin B mailako pilotarien partiduak izango dira Antzuolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak