Agintaldian zehar gainontzeko alderdiekiko harremana zuzena izan dela azpimarratu du Miren Arrate Gallastegi zinegotzi sozialistak.
Agintaldia amaitzear dago. Nolako balorazioa egiten duzu?
2019ko udal hauteskundeak geroz eta gertuago daudela ikusita, Antzuolak aldaketa behar duela uste dut. Egungo Udal Gobernuak gehiengo nagusia dauka, eta, maiz, euren boto emaileendako soilik gobernatu duten sentsazioa izan dut. Ez dute antzuolar ororendako gobernatu, alegia.
Zer izan da Alderdi Sozialistarendako onena? Eta txarrena?
Alderdi Sozialistaren muinean dago udalerrietan lan egitea. Izan ere, udal kudeaketa da poztasun handiena ematen diguna. Eskertzekoa da herritarrekin gertuko harremana edukitzeko aukera hori. Horregatik, zinegotzi lanetan gustura aritu naiz. Eta unerik zailena niretzako, ardura eta kezka handiena eragin didana, ekainaren 3ko uholdeak izan dira. Intentsitate eta larritasun handiz bizi izan nituen. Txalotzekoa izan da herritarren erantzuna. Azpimarratu behar da Ingurumen Saileko meteorologiaren parteek eta alertek duten garrantzia kasu honetan.
Antzuola eitten ekimena aurkeztu dute. Zein iritzi duzu?
Pasa den urriaren 4an, egunkari batek jaso zuen bezala, parte hartzea "gorabeheratsua" izan da. Hiru urtetan Udal Gobernuak proiektua aurkeztu ez izanak harritu nau. Hain zuzen ere, orain, udal hauteskundeen atarian aurkeztu dute parte hartze prozesua. Agian, hauteskunde estrategia bat jarraitzen ariko ote da Udal Gobernua? Herritarren parte hartzeari dagokionez, azpimarratu gura dut agintaldiaren hasieratik parte hartze politikak sustatu ditugula, Gipuzkoako Diputazioarekin elkarlanean gobernatuz.
Antzuolarrek ongizateari garrantzia eman diote. Baita zuek ere.
Gizarte Ongizatearen defentsa eta, bereziki, behar gehien duten pertsonei babes soziala eta euren ongizatea bermatzea Alderdi Sozialistaren DNAn dago txertatua. Eta lan egiten dugun toki guztietan, hori erakusten dugu.
Eta, horri dagokionez, zein hobekuntza egin daitezkeela uste duzue?
Antzuolan, uste dut modu sozialago eta efikazagoan kudeatu beharko lituzketela udal diru-laguntzak. Bereziki, lehen mailako premia dutenendako laguntza sozialak.
Antzuolarrek alokairua sustatzeko ekimenak gura dituztela ere azaleratu du parte hartze prozesuak.
Euskadiko Alderdi Sozialistak, Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola buru duela, Bizigune programarekin buru-belarri dihardu lanean. Etxebizitza hutsak identifikatu eta horien alokairua sustatzea dugu helburu. Gaztelagun programarekin, gainera, gazteen emantzipazioan lagundu gura dugu. Hala, etxebizitza baten alokairua ordaintzeko laguntzak eskaintzen dira Gaztelagun ekimenaren bitartez. Horregatik, beharrezkoa izango litzateke Antzuolako Udal Gobernua gainontzeko administrazioekin batera koordinatzea; izan ere, esperientzia handiagoa dute.
Urte hauetan egindako inbertsioen gainean zein iritzi duzu?
Beharrezkoak izan dira, baina hobetzeko gauza asko dago oraindik Antzuolan. Gogorarazi gura dut Marisol Garmendia diputatu sozialistaren departamentuak 200.000 euroko inbertsioa egin duela bidegorriko tunelak konpontzeko. Mugikortasun jasangarriaren eta osasungarriaren aldeko apustu garbia izan da eta bidegorria berriro berreskuratu da. Berriro diot Udalak herritar ororendako lan egin behar duela, eta ez eurei botoa ematen dietenendako soilik.
Zein iritzi izan duzue Euskaraldiaren gainean? Parte hartu duzue?
Alderdi Sozialistak Euskaraldiaren alde egin du hasieratik. Azpimarratu gura dut, 2016an, Lasarte-Oriako gobernu sozialistaren baitan sustatutako ekimen batean oinarritzen dela Euskaraldia. Apirilean, Parlamentuan adierazpen instituzionala onartu genuen herritar orok Euskaraldian parte har zezan animatuz.