Bittor Arbulu: "Kongora bakea iristen hasi da, pixkanaka"

Maialen Regueiro 2018ko aza. 9a, 16:54

Kongoko gazteek ez dute beraien hirietan lanik aurkitzen. Etorkizun hobea izateko helburuarekin zeharkatzen dute txalupa zein itsasontzietan Mediterraneo Itsasoa. 

2001az geroztik, urtero bidaiatzen du Kongora Bittor Arbuluk. Hala, bidaia horietaz eta Kongoko errealitateaz mintzatu da. 

Noiz hasi zinen Kongora bidaiatzen? 

2001ean joan nintzen lehen aldiz Kongora. Izan ere, Tomas Madinabeitia laguna dut eta hura garai batean, Antzuolako parrokoa izan zen. 1987an utzi zion parroko izateari eta Kongora joaten hasi zen, misiolari. Urte batzuk igaro ondoren, berriro Euskal Herrira itzuli zen, eta beti egon naiz harekin harremanetan. Azken batean, esan dezaket Tomas izan zela esperientzia honekin hasteko animatu ninduena.

Zein maiztasunekin joaten zara Kongora?

Bidaiatzen hasi nintzenetik, urtero joan izan naiz Kongora. Egia da aurten, lana dela eta, zaila egin zaidala biak uztartzea, baina, gauzak ondo badoaz, otsailean joatea gustatuko litzaidake.

Zer egiten duzu Kongon?

Hasierako hamar urteetan, gehienbat, berregituratze lanak egin genituen; putzuak eta iturriak eraiki, besteak beste. Gaur egun, berriz, berregituratze lanak egiteaz gain, hezkuntza munduko proiektuak egiten ditugu. Horren baitan, nire ardura horren guztiaren jarraipena egitea da. Hango eskola batera joaten naizenean, adibidez, irakasleekin zein ikasleen gurasoekin egotea egokitzen zait.

Kongora bidaiatzen hasi zinenetik gaur egun arte, eboluziorik igarri duzu?

Eboluzioa egon zela esan dezaket. Egia esan, kontuan izan behar da 1992an gerra izan zela Kongon eta jende asko hil zela. Gaur egun, bakea pixkanaka iristen ari dela esango nuke. Horrek arlo askotan hobera egiteko lagundu du, baina herritarrek pobreak izaten jarraitzen dutela esango nuke.

Anelkarrek 10.000 euro bidaliko ditu Kongora aurten.

Diru hori hezkuntzan daukagun proiekturako erabiliko dugu. Izan ere, proiektu hori oso garrantzitsua da, horri esker eskolak sortu ditugulako, besteak beste. Horrez gain, ikasleek materiala behar izaten dute eta irakasleak ere ordaindu egin behar izaten dira. Irakasleen %20 gobernuak kontratatzen ditu eta gainontzekoei laguntza ekonomiko bat ematen saiatzen gara.

Zuri, zer ematen dizu horrelako elkartasun lan bat egiteak?

Urte hauetan guztietan hango errealitatea lehen pertsonan ezagutu ahal izan dut. Telebistan gauza asko ikus daitezke, baina hara joan arte ez zara konturatzen han bizi dutena zer den. Horrek, azken batean, lagundu dit ulertzen zergatik nahi duten gaur egun Mediterraneo itsasoa zeharkatu. Izan ere, Kongoko gazteek ez dute beraien hirietan irtenbiderik izaten lan munduari dagokionez.

Zer antolatu duzue Anelkarren 20. urteurrena ospatzeko?

Gaur arratsaldean egingo da 20. urteurreneko ospakizuna, Zurrategin. 18:15ean, txokolatea eta kafea jarriko dituzte eta erakusketa egongo da ikusgai baita ere. 19:00etan, berriz, Anelkarren historia eta eboluzioa jasotzen duen bideo bat eskainiko da.

Euskaraldiaren postua gaur

Anelkar elkartearen 20. urteurrenaren ospakizunarekin batera, Euskaraldiaren postu bat egongo da gaur, Zurrategin. Hala, herritarrek, 18:30etik aurrera, ahobizi edo belarriprest gisa izena eman ahal izango dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak