Udalak orain hamar urte apustua egin zuen Eguneko Zentroaren eta Babestutako Etxebizitza zerbitzuaren alde. "Antzuolarren beharrei erantzutea izan da helburua. Herrian zegoen eskaerari erantzutea, alegia", azaldu du Gizarte Zerbitzuetako teknikari Karmele Kortak. "Hasieran, kosta egin bazen ere, pixkanaka plaza guztiak betetzen joan dira eta gaur egun guztiak beteta daude. Eguneko Zentroak 19 lagunendako tokia dauka eta egun 18-19 egoiliarrek jasotzen dute zerbitzua. Lehentasuna antzuolarrek duten arren, bergararrek ere jasotzen dute zerbitzua", gaineratu du.
Etxebizitza Babestuen kasuan, baina, eskaera ez dela horren altua dio. "Guztira, lau apartamentu ditugu Torresoroan bertan. Eta lau horietatik hiru hutsik daude. Gura duguna da zerbitzu hau herritarrei gerturatzea eta zerbitzu honek duen malgutasunaz informatzea. Hau da, egonaldiaren iraupena eta apartamentuan egon daitezkeen jende kopurua, egoiliarrekin adostu dezakegu. Lagun bakar bat bizi daiteke apartamentuan. Baina, kasu batzuetan –anaia-arrebak edo senar-emazteak badira– aukera legoke bi lagun bizitzeko bertan–". Logela, bainu egokitua eta egongela ditu. Kanpoaldean, sukaldea eta guztiak batera egoteko gune bat ere badauka apartamentuak. "Zerbitzuen artean, gosaria, bazkaria eta afaria ere sartzen dira; baita arropa eta apartamentua garbitzea ere".
Ate irekiak
Zerbitzuok ezagutzera emateko eta herritarrei gerturatzeko asmoz, ate irekien jardunaldiak antolatu ditu Antzuolako Udalak. Gaur, azaroak 9 –18:00etatik 20:00etara– eta bihar, azaroak 10 –11:00etatik 13:00etara– zabalduko dituzte ateak."Egunero gerturatzen ez den jendeak bertatik bertara ezagutzea gura dugu. Etxebizitza Babestuak bultzatu gura ditugu eta jendeari beharren arabera aldi baterako egonaldiak posible direla ere azaldu".
Gizarte Zerbitzuen zinegotzi Alaitz Igarzabalek zerbitzuen balorazio ona egin du: "Garrantzitsua da zaintza zerbitzuak herrian bertan edukitzea. Baina, era berean, udal zerbitzurik ezezagunenak direla iruditzen zaizkigu; hori izan da ate irekiak egiteko arrazoietako bat". Baina, Torresoroan, gizarte zerbitzuez gain, liburutegia eta areto nagusia ere hor daudela gogorarazi du: "Urak arrapatu arte hor zeuden; konpondu eta gero ere horrela izatea gura dugu, beharra dago eta falta igartzen dugu".