Elkartasuna nabari da Antzuolako kale eta bazter guztietan. Hein handi batean, 20 urtean lanean diharduen Anelkar elkarteari esker. Afrikarekiko sentsibilizazio berezia eduki du betidanik Anelkarrek, Kongon eta Senegalen proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzea lortu du eta. Baina gobernuz kanpoko erakundearen hastapenean Ruanda eta Brasil aipatzea ere ezinbestekoa da. "1993an, nire izeba moja Ruandan zegoen. Genozidioa gertatu zen orduan, eta sasoi hartan hasi ginen talde gisa batzen eta elkartasuna hara bideratzen. Aipatu behar da 92an Juan Antonio Lizarralde apaiza Brasilen zegoela eta bere kuadrillak laguntza ematen ziola. Ondoren etorri zen Serbiari eta Kroaziari laguntzeko mugimendua", dio Anelkarko sortzaile Kontxi Laskurainek. Mugimendu horien beharrak ikusita, talde bakar bat sortzea erabaki zuten. Hala jaio zen, 1998ko azaroaren 10ean, Anelkar.
Brasil eta Afrika
Kristina Bakaikoa Brasilera eta Bittor Arbulu Afrikara. Antzuolarrek gertutik jarraitu dituzte Anelkarren proiektuak. "Aita Lizarralde hil zen eta Brasilen jada ez daukagu ordezkaririk. Baina Kongoko eta Senegalgo proiektuen jarraipena Arbuluk egiten du eta bultzatzen jarraitzen dugu Anelkartik. Ordezkari bat edukitzea da lehentasuna: bideratzen dugun dirua iristen dela ikustea". Saharari ere laguntza eman diote azken urteetan. "Udaletik iritsi zitzaigun proposamena, eta kanpaina ezberdinekin lagundu dugu".
Azaroaren 9an ospakizuna
Zurrategin, 18:15ean, txokolatea eta kafea jarriko dituzte. "Postrea herritarrei ekartzeko eskatuko diegu". Bertan, Anelkarren ibilbidea batzen duen erakusketa jarriko dute. 19:00etan, Anelkarren proiektuen eboluzioa eta historia jasoko duen bideo emanaldia eskainiko dute.
Hezkuntzaren aldeko apustua
Aurten, 20.000 euro bidaliko dituzte Kongo eta Senegalera, han abiatutako hezkuntza proiektua bultzatzen jarraitzeko. 2000tik hona, urtero joan da Bittor Arbulu proiektuen eboluzioa ikustera eta babestera. Ur-edangarria herrietara eramateko azpiegitura ere egin dute. Orain, hezkuntza sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko lanean dihardute.