Antzuola eitten ekimenaren bitartez antzuolarrek erabaki dute 2030ean nolako Antzuola gura duten izan. Eta, Antzuola jasangarriagoa, naturarekin harreman estuagoa duena gura dute herritarrek; Antzuola berdeagoa, alegia. Bestetik, herritarren arteko berdintasuna bermatu gura dute; izan ere, 2030ean nagusi asko egongo dira herrian eta eurendako ekintzak antolatzeko beharra egongo dela hausnartu dute. Mugikortasuna, herriko gimnasioa... ekintza ugari jaso dituzte zortzi hilabete iraun duen prozesuan.
'Antzuola eitten' ekimena
150 lagun inguruk parte hartu dute ekimenean. Instituzio aldetik etorri den ekimenari "erantzun ona" eman diotela herritarrek azaldu du prozesua aurrera eraman duen Aztiker enpresako teknikari Xabier Luquek: "Kuantitatiboki 150 lagunek parte hartzea emaitza ona da; eta kualitatiboki ere pozik gaude. Instituzioen aldetik etorri den prozesu bati herriak nola erantzun dion ikusteak planarekiko atxikimendua erakusten du. Exekuzioa egin behar denerako, lehenengo harremana eginda dago".
Udal ordezkarien konpromisoa
Udan udal ordezkariekin egin dute lanketa, eta horiek "planarekiko konpromisoa" erakutsi dutela nabarmendu du Luquek.
Talde eragilea, pozik
Ekimena aurrera eramateko lan egin duen talde eragileko kideak ere pozik daude emaitzarekin: "Proposatutako ekintzak aurrera doazen heinean etorriko dira onurak herriarendako", azaldu du talde eragileko kide Nekane Berasategik. "Oso gai garrantzitsuak landu ditugu; adin guztietako jendearen beharrak kontuan hartuta: bizikidetza, mugikortasuna...", dio.Ivan Herzog ere talde eragileko kide izan da: "Balorazio positiboa izan da. Hemendik aurrera udal ordezkariei egokituko zaie lan egitea. Hitz eman dute ekimenetik irtendako gidoia jarraituko dutela. Gure lana izango da hori egiten dutela bermatzea".Talde eragileak prozesua gainbegiratu eta jarraipena egin du; azalpenak eman dituzte eta komunikazioa eraman dute.
Herritarren aurrean aurkezpena
Herritarren aurrean urriaren 4an arratsaldeko sei eta erdietan Olaranen aurkeztuko dute plana. Plana zein ekintzarekin hasiko duten eta jarraipena nola egingo duten azalduko dute aurkezpenean