40 kale-argi hondatu eta argi gabe geratu dira

Maider Arregi 2018ko uzt. 20a, 09:42

Ibarre, Antigua eta Errekalde auzoetako farolek kalteak izan dituzte. Guztira, 40 kale-argi hondatu dira eta auzo horietako kaleak argi gabe egon dira zenbait egunetan. Gaurko, farol guztiak martxan edukitzea da udal brigadaren asmoa.

Antzuolako jaien aurreko asteburuan, elektrizitate-piko handi baten ondorioz, herriko 40 farolen argiteria sistema erre egin zen. "Gertatu daitekeen kalterik handiena izan du elektrizitate sistemak; argiteria sistema hondatu egin da", azaldu du brigadako kide Garikoitz Llobregatek.

"Antzuolan urtean sei farol hondatzen dira, eta 70 bat bonbilla. 40 farol konpontzeak materialean soilik lau mila euro pasatxoko kostua dauka". Kaltea zerk eragin duen jakiteko, baina, garrantzitsua izango litzatekeela data horietan norbaitek bere etxean kalterik izan ote duen jakitea gaineratu du. "Etxean kaltea jasan badu herritarren batek, mesedez, udaletxean jakinarazi dezala; ez dakigu ekaitzaren ondorioa den edo kanpoko zerbait izan den".

Ibarren lehentasuna

Kale-argiteria konpontzeko lanak Ibarre auzoan abiatu zituen pasa den astean udal brigadak. Izan ere, ilunen geratu zen auzoa izan zen. "Lehentasuna Ibarre auzoak izan du. Farol gehiago erre ziren eta gunerik ilunena bilakatu zen". Hala, pasa den asteko eguenerako martxan zeuden farol guztiak Ibarren.

Auzotarrak arduratuta

daude Antigua eta Errekalde auzoetako biztanleak kezkatuta eta arduratuta egon dira. "Egun asko pasa ditugu argirik gabe. Errekalde auzoraino oinez joateko zailtasunak izan ditugu; ez zen ezer ikusten", kontatu dio GOIENAri Errekaldeko auzotar batek. Emilio Picos Fariñas Antiguako ermitaren atzealdean bizi da. Kale-argi batek bete-betean argiztatzen du bere etxe aurrea eta ataria. "Nire etxeko ataritik elizara joateko eskailerak ditugu eta ez genuen ezer ikusten. Elizako atariko argiak ere ez du funtzionatu. Ia 15 egun egon gara argi gabe. Eskerrak argi txiki bat dudan sarreran. Baina orain farol berria jarriko digute, eta pozik nago. Lehengoa zaharra zen; argi gutxi zuen".

Kale-argiteriaren sistema, kiskalduta

Argazkian ikusten den bezalaxe, kiskalduta geratu da kale argiteriaren sistema, muina. "Elektrizitate-piko oso altua izan da. Horrek bonbillak lehertu izana ere eragin du. 40 farolen erreaktantzia, hau da farolen sistema, kiskaldu egin da", azaldu du brigadako langile Llobregatek. Eskuz, eta banan-banan aldatu beharreko lana izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak